Ellakuriko futbol zelaia baliatuko du CD Vitoria talde gasteiztarrak denboraldi honetan. 2. B kategoriako partidak jokatuko dituzte bertan, maila horretako norgehiagokak egiteko espazio eta azpiegitura egokiak daudelako, Gasteizen horren eskura ez daudenak.
Lau partida jokatu dituzte dagoeneko zelaian: ligako hiru norgehiagoka eta lagunarteko bat.
Hala adierazi du klubeko zuzendaritzak Aiaraldea hedabideari eginiko adierazpenetan. Zuzendaritzako kideek azaldu dute zelaia erabiltzen duten beste bi klubekin (CD Laudio eta Altzarrate K.E.) eta udalarekin adostu dutela azpiegituren erabilera. “Guztion mesederako izango da. Guk azpiegiturak baliatu ahalko ditugu eta Laudiok jende-emari iraunkor bat jasoko du, partidak ikustera hainbat zale bertaratuko direlako”. Zentzu horretan, “Laudio mapan jartzea” dute helburu.
CD Vitoria taldeko zuzendaritzako kideek CD Laudio taldearen kudeaketa euren gain hartzeko prestutasuna erakutsi zuten, baina azkenean Javi Zaballa buru zuen hautagaitza atera zen garaile bazkideen bozketan.