Bart La Viña tabernan lapurtu dute. Zehazki, leiho bat apurtu ostean sartu dira lokalean kutxa erregistratzailea eramateko. Negozioaren jabeak azaldu du uste duela alarmak ez duela jo: "Ez dakit seinalea bertan behera uzteko zerbait erabili duten".

Ertzaintza egon da 09:20ak aldera frogen bila tabernan, erakundearen gain baitaude ikerketak.
Tolon eta Ederkin ere
Antza, bart bertan Ederki eta Tolo tabernetan ere lapurreta saiakerak gertatu dira, emaitzarik gabe. Berez, Toloko terrazatik barneratu dira ezezagunak eta bi ate behartu badituzte ere, alarmak jo duenez, lapurrek ez dute aukera izan ezer eramateko.

Estankoan larunbatean
Kasu horiei beste bat gehitu behar zaie. Izan ere, larunbatean Araba kaleko estankoan ere aritu ziren lapurretan. "Pertsianako kable batzuk moztu eta gero sartu ziren, baina alarma piztu zen eta ihes egin behar izan zuten. 06:30ak edo 07:00ak aldera jakinarazi zidan segurtasun enpresak", argitu du jabeak.