Azkenaldian badirudi lapurreta asko egon direla eskualdean. Apirilean eta maiatzean hainbat kasu jaso ziren hedabideetan, Laudio, Areta eta Orozkoko13:10 zenbait establezimendu eta etxebizitzetan jazotakoak. Baina komunikabideek -Aiaraldea hedabidea barne- unean-une plazaratutako titularretatik harago bagoaz, errealitatea oso bestelakoa dela ikusi daiteke.
Datuen arabera, eskualdean ez dira lapurreta asko egiten. Juxtu kontrakoa gertatzen dela esan daiteke, EAEko kriminalitate tasarik baxuenetakoa baitu Aiaraldeak. Hala dio Laudioko Ertzain Etxeak eskualdeko udalei aurkeztutako memoriak. Iaz 25,6 delitu erregistratu ziren eskualdean 1.000 biztanleko, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera. Gauzak hala, EAEko bataz bestekoa baino 12 puntu baxuagoa izan zen Aiaraldeko kriminalitate-tasa.
Joera aldaketa eman da lapurretetan. Jaitsi egin da etxebizitzetan eta enpresetan ematen diren kasuen kopurua, bestelako lokaletan jazotzen direnen mesedetan
“Eboluzio logikoa”
Egia da 2016ko datuekin alderatuta gora egin duela kopuruak, urte horretan 22,08 delitu egon baitziren 1.000 biztanleko. Igoera orokorra izan da, Araba, Bizkaia eta EAEko bataz besteko tasak ere handitu egin baitira urte batetik bestera.
Hala ere, 2015eko datuekin alderatuta, beherakada bat eman dela esan daiteke, urte horretan 27,17koa izan baitzen tasa. Laudioko Ertzain Etxearen aburuz, gorakada eta beherakada horiek “eboluzio logiko bati” erantzuten diote.
Beherakada nabarmena
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak helarazitako datuetatik ere ondorio interesgarriak atera daitezke. Estatistika horien arabera, beherakada nabarmena egon da eskualdean jazotako lapurreta kopuruan. 2013an 192 salaketa egon ziren Aiaraldean. 2017an, aldiz, 114.
Arestian aipatutako joera aldaketa berdina ikusi daiteke datu horietan. 2013an jazotako lapurreta gehienak -97- etxebizitzetan izan ziren. 2017an, aldiz, saltokietan edo bestelako espazio itxietan izan ziren kasu gehienak -60-. Enpresetan ematen diren lapurretak dira gehien gutxiagotu direnak: 2013an 48 salaketa egon ziren eskualdean eta iaz, aldiz, soilik zazpi.
Iruzurrek gora
Lapurretei dagokienez, joera aldaketa bat egon dela nabarmentzen du Laudioko Ertzain etxeko txostenak. Behera egin du etxeetan eta enpresetan jazotzen diren lapurreten kopuruak, beste lokal batzuetan ematen direnen kaltetan. Iruzurren salaketa kopuruak ere egin du gora; gehienak internet bidez gauzatzen direla ondorioztatzen du poliziak. Droga trafikoari dagokionez, atestatu kopurua handitu dela aipatzen da txostenean.
Handitu egin da iruzurren salaketa kopurua; internet bidez egiten dira gehienak
Trafikoa
Trafikoari lotutako hainbat datu jasotzen ditu baita ere memoriak. 2017an aurreko urtean baino pertsona gutxiago atzeman zituzten alkohol-tasa gaindituta gidatzen. Baina gidari gehiago detektatu zituzten bestelako droga batzuk kontsumitu ostean gidatzen.
Trafiko istripuei dagokionez, hildakoen kopurua jaitsi egin da, txostenaren arabera. Hala ere, A-625, A-624 eta BI-625 errepideek jarraitzen dute “gunerik gatazkatsuenak” izaten. Hori dela eta, kontrol prebentiboak egiten jarraituko dute bide horietako punturik arriskutsuenetan.
Udako oporrei begira, etxea lapurretetatik prebenitzeko hainbat gomendio
Hainbat gomendio eman ditu Ertzaintzak etxebizitzetan eman daitezkeen lapurretak prebenitzeko, udako oporrei begira. Etxeko sarrerari begiratu bat ematean datza aholku horietako bat.
Lapur askok pegatina edo paper txikiak jartzen dituzte ateetan, etxebizitza barruan normalean norbait dagoen jakiteko. Halakorik ikusiz gero poliziari hots egitea da komenigarriena.
Badaude oso begien bistako gomendioak, atea giltzaz ixtea kasu. Gomendagarria izan daiteke ere etxebizitzan norbait dagoelako ustea zabaltzea.
Hori egiteko hainbat modu daude: lagun bati eskatu ahal zaio postontzira iristen diren gutunak jasotzea, pertsianaren bat erdi-zabalik utzi daiteke, telefono finkoa mugikorrera desbideratu daiteke edo arroparen bat balkoian eskegi daiteke, etxebizitzaren barruan norbait dagoelako irudipena emateko.
Sare sozialak
Sare sozialetan jartzen den informazioak ere badu garrantzia, Ertzaintzaren aburuz. Ez da komeni oporretan goazela lau haizetara zabaltzea, informazio hori lapurren eskuetara iritsi daitekeelako. Etxera itzultzerakoan zerbait susmagarria ikustekotan, honakoa da Ertzaintzaren aholkua: etxetik irten eta poliziari segituan deitzea. Lapurreta bat eman dela ikustekotan, aldiz, komenigarria da ezer ez ukitzea eta dena zegoen bezala uztea, gero abiatu daitekeen ikerketa poliziala ez oztopatzeko.