Tentsio handia Udal Osoko Bilkuran, Santa Anako nekazaritza pabilioiaren gaia dela eta

Txabi Alvarado Bañares 2018ko urr. 31a, 20:00

Astelehenean egin zen Udal Osoko Bilkura. / Laudio.eus

Pabilioiaren jabeen abokatuak aurkeztutako berraztertze errekurtsoa ez onartzea erabaki zen bilkuran.

Tentsio handia egon zen asteleheneko Laudioko Udal Osoko Bilkuran. Hilerriko eskaileraren gaiarekin iritsi ziren liskarrak puntu gorenera, baina Santa Anako nekazaritza pabilioiaren puntuan ere eztabaida sutsuak egon ziren.

Laudioko Udalak duela hiru urte (2014ko ekainean) eman zuen Santa Anan nekazaritza pabilioi bar eraikitzeko obra lizentzia. Iragan ekainean, baina, lizentzia hori nulua zela ebatzi zuen. Gauzak hala, pabilioiaren jabeen abokatuak berraztertze errekurtsoa aurkeztu zuen. Helegite hori ezeztatzea izan zen udal gobernuak asteleheneko bilkurara eraman zuen proposamena, “espediente osoarekiko koherentziaz, udalbatzak orain arte hartu dituen erabakien ildotik eta Eusko Jaurlaritzaren Aholku Batzordearen txosten juridiko loteslea aintzat hartuta”.  

Modu horretan bide administratiboa itxi egiten dela azaldu zuen Jon Ander Altube zinegotziak, “gai honen inguruko azken ebazpena izango da. Hemendik aurrera familiak aukera izango du bide judizialetara jotzeko eta udalak bere gain hartuko ditu lizentzia ezeztatzeagatik hartu beharreko erantzukizunak. Oso argi dugu kalte-ordaina juridikoki posible den bezainbeste ordainduko dugula”.



Ustelkeria eta prebarikazio leporaketak
Oposizioko taldeek udal gobernuaren jarrera kritikatu zuten. “Ez ziren sakonki aztertu zeuden aukerak, bilera gehiago egin beharko lirateke kaltetutako familiarekin”, adierazi zuen Nerea Gonzalezek. Omniako bozeramailearen arabera, beharrezkoa da “erantzukizunak banatzea”, eta ikerketa batzorde bat osatzeko deia luzatu zuen.

EAJk bat egin zuen Omniaren adierazpenekin. “Zer gertatu den aztertu behar da,  etorkizunean auzokideei halako arazo gehiago ekiditeko”, aipatu zuen Ander Añibarrok.

Txaro Sarasua izan zen hitz gogorrenak erabili zituena. Ustelkeriaren aurkako auzitegira joko zuela aipatu zuen, “oposizioaren jarduna oztopatu eta kaltetuen defentsa eskubidea bermatu ez delako”. Horren aurrean, Altubek erantzun zion prebarikazio zantzurik egon bada, Omnia eta PSE-EEren jarrera izan dela.  “Ahal zin zuten guztia egin zuten espediente hau atzera botatzeko, gaia mahai gainean jartzeko asmoa zenuten”, leporatu zien bi taldeei. Tentsioak berriz egin zuen gora orduan. Esandakoa erretiratzeko eskatu zion Nerea Gonzalezek Altuberi, bere alderdiari prebarikazioa egitea egotzi ziolakoan.

Eztabaidak eztabaida, aurrera atera zen udal gobernuaren proposamena. EH Bilduk alde bozkatu zuen, Omniak aurka eta gainontzeko talde politikoak abstenitu egin ziren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide