“Hemengo ikastetxeetan ez dago Europako beste herrialde batzuetan dagoen kultura aniztasuna”

Txabi Alvarado Bañares 2018ko aza. 6a, 17:00

Iragan astean itzuli ziren irakasleak euren herrialdeetara. / Aiaraldea.eus

Polonia, Portugal eta Greziakoak dira PIOTR PAWEŁ SZCZEPKOWSKI, SYLWIA SZCZEPKOWSKA, ELENI DAMASKOU, CHRISAYGI PETALI, CHARALAMPOS PALLIS, OLGA MARIA CORREIA DE OLIVEIRA eta PAULA LUCINDA DE SOUSA ANTUNES CORREIA. Hainbat egun igaro dituzte Laudio BHI institutuan, “Erasmus+” proiektuaren barruan

Europako bost ikastetxetako kideak Laudion bildu zarete hainbat egunez. Zertan aritu zarete?

“Erasmus+” proiektuan parte hartzen dugu guztiok, "A Nod to our Heritage" egitasmoan. Hau da egin dugun lehen bilera, planteatutako ekintzak aurrera ateratzeko eta horien zein proiektu osoan gainean eztabaidatzeko.

Hainbat gauza ikasteko parada ere izan dugu, proiektuak hainbat jarduera berri egitea proposatzen duelako. Ikasleei irakasteko, lehenbizi guk ikasi behar izan ditugu gauzak.

Planteatutako helburua betetzea lortu duzue, beraz?

Bai. Oso ondo antolatua egon da dena, agenda oso betea izan dugu, gehiegi. Goizeko zortzietatik arratsaldeko zortzietara aritu gara egunero lanean, oso intentsua izan da. Baina modu horretan gai gehienak argitzea lortu dugu, guztiak ez bada. Oinarriak finkatu ditugu ikastetxeetan artean hurrengo bi urteetan elkarlan egoki bat garatzeko. Gure herrialdeetara itzulita gai izango gara duda guztiak ikastetxeko gainontzeko kideei zein ikasleei modu egokian azaltzeko. Galderekin etorri ginen, eta erantzunak ditugu orain. Oso erabilgarria suertatu zaigu.

“Tokiko kultura ezagutzeko parada izan dugu: gastronomia, historia, hizkuntza, arkitektura... aukera izan dugu gauza asko ikusi, entzun, usaindu eta dastatzeko”


Eta ikuspuntu pertsonaletik, zer nolakoa izan da egonaldia?

Tokiko kultura ezagutzeko parada izan dugu: gastronomia, historia, hizkuntza, arkitektura... aukera izan dugu gauza asko ikusi, entzun, usaindu eta dastatzeko. Euskal Herria nahiko ondo ezagutzeko beta izan dugu. Txokoetako giroa bizi izan dugu, adibidez. Esperientzia bikaina izan da.

Badago bereziki harritu dizuen zerbait?

Hizkuntza eta eguraldia (barreak). Poloniatik gatozenoi, adibidez, oso dibertigarriak iruditu zaizkigu euskarazko hitz batzuk, polonierazko umeentzako olerki batzuen sonoritatea dutelako.

Tokiko azoka batean egon ginen, eta produktuen izenak ikusterakoan konturatu ginen badaudela hizkuntzen arteko antzekotasun batzuk. Txokoen funtzionamenduak ere harritu gaitu. Gutako batek badu halako bat irekitzeko asmoa Grezian (barreak). Euskal dantzek eta gezatzen funtzionamenduak ere harritu gaituzte.

Hezkuntzari dagokionez, ezberdintasun asko ikusi dituzue hemengo eta zuen herrialdeetako sistemen artean?

Laudio BHI oso ikastetxe handia da, langile eta ikasle asko daude bertan, atsedenaldiak askoz zaratatsuagoak dira!

Badaude antzekotasun eta ezberdintasun asko. Asko harritu gaitu irakasleen-gelen funtzionamendua. Irakasle bat falta bada beste batek hartzen du bere lekua, gurean ez da halakorik gertatzen. Horrez gain, harritu gaitu klaseetan telefono mugikorrak ez erabiltzea. Gurean gobernua kontrakoa sustatzen ari da: irakasle zein ikasleek teknologiak ahal bezain beste erabiltzea klaseetan. Ikasleen mugikorra eraman behar dute klasera.

Gurean jantokiak ere baditugu, ikasleek arratsaldez ere klaseak dituztelako, hemen 14:30ean amaitzen diren bitartean. Ezberdintasun asko daude, baina baita antzekotasun handiak ere.


“Ikastetxe bakoitzak bere egitasmoa garatuko du, baina beste zentroekin elkarlanean dagoela jakinda”


Hemen ere ez dago beste herrialdeetan dagoen kultura aniztasuna. Grezian, adibidez, kultura eta jatorri ezberdinetako ikasle asko daude ikastetxeetan. Horregatik, proiektu honetan jatorri ezberdinetako ikasleak inplikatzen saiatuko gara.

Egonaldi hau proiektuko lehena izan da. Zeintzuk izango dira hurrengo pausoak?

Lanean jarraituko dugu, bakoitza bere herrialdean. Egonaldiak balio izan digu proiektuari nola heldu jakiteko. Horregatik, lanean hasteko txanda da orain. Ikastetxe bakoitzak bere egitasmoa garatuko du, baina beste zentroekin elkarlanean dagoela jakinda. Proiektuak ahalbidetuko digu, adibidez, euskal kulturaren berri izateko, hemengo ikasleek eginiko edukiekin. Beste kulturen berri emateko soilik, ez gure komunitatearenean sakontzeko aukera ere emango digu proiektuak.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide