Azaroaren 23an hasiko da Euskaraldia, hamaika eguneko Euskal Herriko ekimena. Eskualde osoan bezala, Laudion ere Euskaraldiko Batzordea aritu da egitasmoa antolatzen. Hala, hilabetean zehar makina bat ekitalditan parte hartuko dutela jakinarazi dute: "pintxopoteetan", Laudioko krossean, Korrontzi eta Itxarkundiaren emanaldian...
Bizilagunak dinamikaren baitan, Lamuza Eskolako pareta bat margotuko dute auzolanean, aurreratu dutenez. "Guztiok gara euskararen herria" lemapean, hainbat kulturetako herritarrengana euskara gerturatzea izango da helburua. 13:00etan izango da hitzordua.
Azaroaren 23an, hasiera jaia
Ahobizi zein Belarriprest izateko izena emateko guneak jartzen jarraituko dute, internet bidez apuntatzeko aukera badago ere. Bestetik, Euskaraldiari hasiera emateko makina bat ekintza antolatuko dituzte. Laudioko Herriko plaza bilakatuko dute euskaradunen topaleku, 17:30etik aurrera umeentzat tailerrak egongo dira Kirikiñoren eskutik, eta Sorginlarren taldeak buruhandi mitologikoak aterako ditu. 19:00etan txapa banaketari ekingo diote, eta Ainhize Solaun Mendigurenek gidatuta Euskaraldiko koreografia egingo dute segidan. 19:30ean, aldiz, txupinazoa jaurtiko dute, eta "topa herrikoia" gauzatuko dute ondoren. Euskara herrian barrena hedatzeko, berriz, poteo musikatua egingo dute kalez kale.
Abenduaren 2an Laudion ospatuko dute eskualdeko euskararen eguna, Amurrio eta Urduñari lekukoa hartuta.