Aiaraldeko ehunka ahobizik eta belarriprestek Laudion ospatuko dute euskaraldiaren amaiera jaia abenduaren 2an

Aimar Gutierrez Bidarte 2018ko aza. 26a, 09:00

Aiaraldeko euskaldunak elkartuko dira aurten Laudion, duela bi urte Amurrion eta iaz Urduñan egin bezala. / Aiaraldea.eus

Egitarau anitza antolatu du Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak abenduaren 2rako. Euskaraldiari amaiera eman eta Euskararen Nazioarteko Eguna festa erraldoi batekin ospatuko dute aiaraldearrek Laudion. Berbodromoak, herri bazkari erraldoiak edota Ze Esatek! taldearen kontzertuak osatuko dute egun osoko eskaintza, besteak beste.

Egun osoko egitaraua antolatu du Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak Laudion. Festa erraldoi batekin esango diote agur gaur (ostirala) abian jarriko den Euskaraldiari. Milaka Ahobizi eta Belarriprest elkartuko dira Laudioko Plazan euskaraz bizitako 11 egunak borobiltzeko.

Zutabeak herrietatik
Aiaraldeko hainbat txokotako herritarrak zutabeetan gerturatuko dira jaialdiaren epizentro izango den Laudioko Herriko plazara. Zutabeetara batzeko hitzordua 10:15ean jarri dute.

Lau zutabe egongo dira guztira. Olarte zutabea Gardeako tren geltokian elkartuko da eta Urduña, Luiaondo eta Gardeako herritarrak elkartuko ditu bertan. Laudioko herritarren zutabea Larra zutabea izango da eta Latiorroko zentroen plazatik abiatuko da Herriko plazara. Okondo, Artziniega, Aiara eta Ugarte auzoko herritarrek Ugarteko plazan dute zita, Goienuri zutabean elkarturik jaitsiko dira jai guneraino. Azkenik Areta zutabea Aretako Kultur Etxetik abiatuko da, bertan Arrankudiaga-Zollo, Arakaldo, Orozko eta Aretako herritarrek parte hartuko dute. Zutabe guztiak 11:00etan abiatuko dira.

Herriko plaza jaiaren erdigune
Zutabe guztiak Laudioko plazan elkartuko dira 11:30ean. Ongi etorri ekitaldiak jai-giroa piztuko du eta jarraian, 12:00etan, ekitaldi nagusia egingo dute.

12:30etatik aurrera animaziorik ez da faltako Laudioko kaleetan zehar, musika kalejira, buruhandiak, txosna eta beste hamaika ekimen egongo baitira plaza inguruan.

12:30ean ere, Berbodromo erraldoia jarriko da martxan eskualdeko ahobizi eta belarriprest guztiekin. Bertan 11 egunez euskaraz bizitzeko apustua egin duten herritarrak elkartu eta euskaraldiak norberak bizitako esperientziak kontatuko dizkiote elkarri.

Inoizko herri bazkaririk handiena
Eskualdean inoiz egindako herri bazkaririk jendetsuena antolatzea, erronka hori jarri diote euren buruei egunaren antolaketan dabiltzatenek.  Aldai Plazan izango da bazkaria, 14:30ean.

Ehunka lagun elkartuko dira bertan eta horretarako eskualde osoko 41 puntutan egongo da bazkariko tiketa erosteko aukera. Tiketak 5 euroko kostua izango du eta bi plater, ogia, edaria eta postrea barnebilduko ditu. Bazkarirako txartelak erosteko azken eguna azaroak 29a izango da, osteguna. Tokiko produktuekin sukaldatuko dute eta menuan aukera beganoa ere egongo da.

Arratsaldean, jaiak etenik ez
Bazkalostea ere ekintzaz beterik egongo da. Besteak beste, haurrentzako ekintza ugari egongo dira: ipuin kontalaria 15:30ean eta tailerrak 16:00etatik aurrera. Nagusiagoek ere izango dute dibertitzeko tartea, 16:00retan Barry Manley-ren bakarrizketa umoretsuaz gozatzeko aukera izango baitute. 17:30ean txokolatea eta gaztain erreak banatuko dira.

Dantzatzeko grinak ere arratsaldeko tarte zabal bat hartuko du. 16:30ean “Dantzatloi Herrikoia” egingo dute. Bertan, eskualdeko hainbat dantza-talderen eskutik eta Ziriki eta Miriki pailazoek aurkeztua, euskal-dantzak, zunba edota areto-dantza bezalako estiloak nahastuko dituzte. Erritmoarekin jarraitzeko, haurrentzako Diskotxantxa ikuskizuna egingo dute Zirikik eta Mirikik.

Kontzertuen tartea
Iluntzean herriko plazako kontzertuek hartuko dute jaiaren lekukoa. Ze Esatek! ska talde gipuzkoarra izango da musika eskaintzari hasiera ematearen arduraduna, 18:30ean. Ostean Lehian erromeriak girotuko du herriko plaza.

22:00etan emango diote amaiera aldarrikapen jaiari, “Aiaraldea, urtean 365 egunez euskalduna dela” ozen aldarrikatuz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide