SOS Lamuza Parkea plataforma Arabako Foru Aldundiarekin eta Laudioko Udalarekin bildu zen hilabete hasieran Kultura Etxeko obren gaineko xehetasunak jakiteko.
Bi erakunde publikoek adierazi dute obren lehen faseak ez diola eraikinen barnealdeari eragingo. 3,8 milioi euro bideratuko dituzte proiektura, baina prezio hori 3,5 milioira jaistea espero dute.
Berogailua da berrituko duten elementu nagusienetako bat. Pelet sistema jarriko dute eta, aurreikusi dutenez, termostato manualak jarriko dizkiete geletako berogailuei, bigarren fasean.
Eraikinen sabaiak ere berrituko dira. Material isolagarria jarriko dute, baina, nabarmendu dutenez, ez dute teilatuen egitura aldatuko. Hormei dagokionez, ez dute isolamendurik gehituko, baina egurrezko azpiegiturak (leihoen eta ateen kanpoko markoak, kasu) aldatuko dituzte.
16 aparkaleku gutxiago Lamuza kalean
Lamuza Kaleko espaloiaren zabalera handituko dute, Kultura Etxetik frontoirako bidean. 16 aparkaleku plaza deuseztatuko dituzte horrela eta zoladura ere aldatuko dute, Lamuza plazan dagoenaren takerakoa jartzeko.
Kultura Etxeko barruko lorategira sartzeko zubia ere indartuko dute. Lorategi horretako arkupeetan egingo dute aldaketa handienetakoa: altuera handiago duen batekin ordezkatuko dute. Erakundeek ez dute baztertzen obren bigarren fasean arkupea ixtea, baina momentuz zabalik utziko dute.
Udara arte behintzat ez dira obrak hasiko
Oraindik ez dute zehaztu nola gauzatuko dituzten obrak. Gauzak hala, zehazteke dago nola eragingo dioten lanek Kultura Etxeko eguneroko funtzionamenduari.
Aldundiak obraren lehiaketa irabazten duen enpresarekin negoziatuko du gauzatze prozesua, behin esleipena eginda. Dena dela, lanak ez dira ekaina baino lehen hasiko, lizitazio prozesua luzea izango delako.