"Jolas eta liburuetan sexismoa identifikatzeko galderak egitea da gakoa"

Izar Mendiguren Cosgaya 2018ko abe. 11a, 11:21

Urtxintxa Eskolako kidea da Irati Gaztelurrutia Solabarrieta. / Urtxintxa Eskola

IRATI GAZTELURRUTIA SOLABARRIETA (Ondarru, 1991) Bizkaiko Urtxintxa Eskolako kidea da. Opari, jostailu eta liburu ez sexistak identifikatzeko gakoen inguruan mintzatuko da bihar -abenduak 12- Laudion, 17:30ean udal liburutegian.

Haurren aisialdi baliabideetan sexismoa presente al dago?

Bai, noski. Zoritxarrez, produktuen izaera berdina izaten jarraitzen du. Zorionez, aukera berri gehiago daude, baina lan asko dago egiteke bai produktu berriak sortzeko, baita komunitatea sentsibilizatzeko ere.

Zeintzuk dira, hori ekiditeko, erreparatu beharreko gakoak?

Gure buruari galderak egitean datza: aproposa da denek jolasteko? jolas kooperatiboa al da? Estereotipo sexistak ditu produktuak? Azken finean, zer lantzen duen ikustea da, nori dagoen bideratua jakitea. Aniztasuna lantzen du, edo ez? Estereotipoen transmisioa bideratzen du? Jendartean aniztasuna da nagusi, baliabideetan islatzen al da?

Liburuek, jostailuek... zer arazo dute, zure ustez?

Ipuinek, esaterako, balore anitz transmititzen dituzte. Beraz, garrantzitsua da liburuetan ere arreta jartzea.

Jolas baliabideetan zein elementu sexista antzematen dituzu?

Denok ezagutzen ditugu sukaldetxo edo traktoreak. Edo, produktuen iragarkietako norbanakoen izaerak. Batik bat, iragarkiak dira kontuan hartzeko edo identifikatzeko aproposenak. Oso bisualak dira: nork eta nola jolasten duen ageri da, hor dago gakoa. Badira, baina, hain bistakoak ez diren elementuak: jolasaren nolakotasuna (bakarrik aritzekoak dira maiz, edo lehiakortasuna garatzen dute). Panpinak, esaterako, zuriak eta argalak dira gehienak. Iragarkian bertan ohartu beharko ginateke baliabidearen izaeraz.

Ba al dago alternatibarik? Zeintzuk?

Bai. Zorionez, geroz eta gehiago gainera. Orain liburu gehiagok hartzen dituzte kontutan orain arte ikusgarritasunik izan ez duten kolektiboak. Adibidez, desberdina den pertsonaren normaltasun prozesua lantzen da, jada ez da tabua. Pertsonaiak ez dira betiko estereotipoetan erortzen, “Tximeleta belarriak” liburuan kasu. Ume belarri handi bat da protagonista, eta berezitasun horretatik edertasuna, ahalduntzea eta ongizatea ateratzen ditu.

Eta ikus-entzunezkoetan?

Telefono mugikor eta tablet aplikazioetako jolasak lantzen hasi gara orain. Irrien Lagunaken jolas programek, esaterako, bestelako balioak sustatzen dituzte. Sexismoa zeharkakoa da, zeharkakoa, horregatik eragiten die baliabide guztiei. Egun, gure jendartean indar handia dute teknologia berriek, haurren artean batez ere.

Teknologia berrietako programetan, nola eragotzi liteke sexismoa mantentzea?

Ume txikiek jaiotzetik dute pantailekin konexioa. Teknologia berrien presentzia agerikoa da. Hortaz, baliabide horietan aplikazio edo jolas ez sexistak sortzea oso beharrezkoa da; hori baita bide berria. Eremu horretan ere lanketa handia egin behar da oraindik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide