Larunbat goizean aurkeztu zuten Laudioko Etxe Feministaren proiektuaren oinarria. Bilera irekia baliatu zuten horretarako. Kasinoan elkartu ziren emakumeen ekarpenak jasota, egitasmoa fintzea izango da orain lantaldearen egitekoa. Aurreratu dutenez, baina, urtean zehar zenbait ekintza aurreikusi dituzte. Izan ere, espazio feminista sortze bidean, ahalduntzeari, saretzeari eta indarkeria matxistari aurre egiteari eman nahi diote garrantzia.
Laudioko etxe feministaren proiektuaren oinarriaren aurkezpena eta asanblada irekia egiten ari dira Kasinoan pic.twitter.com/Q5YrH5hojD
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) 2018(e)ko abenduaren 29(a)
Laudioko emakumeen topaketatik atera zen etxe feministaren eratzeko ideia. Ordutik, barne mailako lanketa egiten aritu da taldea. Proposamen zehatza eraman zuten bilerara, baina prozesu eta parte hartzera irekitako proiektu izatea nahi dutenez, espazioari buruzko xehetasunak aurrerago emango dituzte.
Bien bitartean, elkartea osatuko dute, eta egitasmoa emakume norbanako zein kolektibokoekin partekatu. Hala, Udalari aurkeztea izango da hurrengo pausoa. Espazio fisikoa epe motzean eskuratuko ez dutela iritzita, fase ezberdinak aurreikusi dituzte. Modu horrretan, emakumeen beharrei erantzuteko foroak eta jarduerak antolatzeari ekingo dio eragileak.