aiaraldea.eus

[IRITZIA] Nolako egurra, halako sua

Erabiltzailearen aurpegia Esti Urresola   Iritzia  Laudio

Lamuza eskolak 50 urte betetzen dituen honetan, pantailaren aurrean urduri estutzen ditut ipurmamiak eta zenbatzen hasten naiz: zenbat oroitzapen, zenbat lagun, zenbat hastapen… Zenbat urte!! Zenbat? Zenbat, patio hura utzi nuenetik? DBHa institutuan estreinatu genuen belaunaldikoa naiz ni…beraz… atera kontuak, nahi izatekotan.
    
Txikia nintzenean astelehena zen nire astegunik gogokoena. Nagusiek barre egiten zuten arren, bai, gustokoa nuen klasera joatea. Gustokoa ikastea. Zeren Lamuzan ikasitakoa ez zen ikasgelen hormen baitan jasotakora mugatzen. Patio horretan bizi bait genituen Lamuzarrok ikaste-lehenak, astelehenetik astelehenera.

Lehenengo maisuak, eta lehenengo musuak; lehenengo aldagelak eta lehenengo aldaketak; lehenengo lagunak, lotsak, borrokak eta lehenbiziko gorrotoak. Zenbat? Hamaika ikaskizun, jolastokia baino ikastokia zirudien horretan.

Ikasi ere, neba- arreba nagusien lagunek abesten zituzten Barricadaren abestiak ikasi nituen eta karpetako sailkatze-orriak Itoitzen letra herrikoi zein Alejandro Sanzen irudi eta errima sofistikatuekin apaintzen nituen aldi berean.

Ikasi ere, homosexual hitzaren esanahia ikasi nuen, zenbaitek irain gisa erabili nahi zuten arren; aditu ere egin nuen edozein hitz laidogarriri darion pozoinaren kontrako botikarik onena lagun baten irribarrea dela. Eta halabeharrez ulertu behar izan nuen norbait arbuiatzeak sor lezakeen plazerra berehala hutsaltzen dela zu arbuiatzen zaituzten une berean.

Ikasi, gorputzaren iratzartzeari hegoak ezin zitzaizkiola eman ere ikasi nuen, patio erdian bederen, eta horretarako askoz pribatu eta egokiagoa zela Pruden atezainaren txakurra loturik zegoen inguruko txoko isila, sekretuz beterikoa. Askatu izena zuen eta kate lodi batez helduta zegoen animalia hura izan zen gure lehenengo musuen lekuko. Eta gu aldiz, bere arnas eta pausu urdurien ohiartzunen erantzule.

Aldiz, bereahala ikusi eta ikasi genuen, zoritxarrez, esplorazio horietan gizonezko eta emakumezkoen lizentziek berdin balio ez zutela.

Urte batzuk geroago, txoko hura gure kabuz sortutako egunkari baten bat-bateko erredakzioa bilakatu zen, edo hobe esanda bihurtu genuen, eta bertan izan nuen nire hedabideetan lehendabiziko esperientzia. Irudimenezko istorioak eta balizko gertakizunak asmatuz, idatziz eta irudikatuz, talde lanaren balioaz ohartu nintzen, oharkabean.

Horrela igaro ziren Lamuzako urteak. Egunero, goizean goiz polikiroldegira igeriketara joan ostean, ilea oraindik bustirik nuelarik, eraikin ori horretara abiatzen nintzen, Nor- nori- nork-a eta bestelako deklinazioak azaletik sartzen zitzaizkidan bitartean. Jakin ez genekien orduan, baina patio horretan jasotako egurrak bizitzarako beroketa dirudi gaurtik ikusita. Soinketakoak baino beroketa eraginkor eta baliagarriagoak. Garen su honen txingarrak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa