Indartsu hasi dute 2019a Laudioko Udaleko talde politikoetako ordezkariek. Astelehen arratsaldean egin zuten urteko lehen Udal Osoko Bilkura. Ez zen udaletxeko plenorik luzeena izan, baina ezta laburrera ere (3 ordu eta erdiko iraupena izan zuen) eta hainbat gai mardul landu ziren bertan.
Udal Saneamendu Sarerako isuriei buruzko ordenantza izan zen onartu zen puntuetako bat. Talde politiko guztiek bozkatu zuten alde, eta Txaro Sarasua abstenitu egin zen.
Gizarte zerbitzuen prestazioak izan zituzten hizpide jarraian. Isabel Bovedak adierazi zuen “berebizikoa” dela eskaintzen diren gizarte-zerbitzuak ordenatzea: “EH bildutik proposamen zehatzak egin ditugu, baina EAJren trabak topatu ditugu Foru Aldundiak eta EUDELen partetik”. EAJk erantzun zuen ez zela zilegia jeltzaleei erru guztia botatzea, “Luzapena normaltasunaren barruan sartzen da. Dena da hobegarria, baina imajinatzen dugu denborarekin dena hoberantz joango dela”, azaldu zuen Ander Añibarrok. Denek bozkatu zuten udal-gobernuaren proposamenaren alde, Omniak izan ezik.
“Euskararen politizazioa” hizpide
2019ko euskararen aldeko jaietarako autobusen prezio publikoak ere onartu zituzten, aho batez. Euskararen Erabilera Normalizatzeko Planaren onarpena etorri zen jarraian. PP eta Txaro Sarasua izan ziren aurka bozkatu zuten bakarrak, gainontzekoak alde agertu baitziren. Hala ere, eztabaida handia egon zen puntu horretan. “Proposamen politiko baten aurrean gaude, ez proposamen tekniko baten aurrean”, salatu zuen Sarasuak. Natxo Urkixo alkateak erantzun zion baietz, plana politikoa zela, “euskararen aldeko politikak” jasotzen dituelako. “Hori da guk hemen egiten duguna, politika”.
Omniako kideek, aldiz, planaren atzean “Lanpostuen Zerrendaren moldaketa bat” ezkutatzen dela iradoki zuten. “Hau ez da gure plana, ez da Omniaren plana”, nabarmendu zuten. “Ez da Omniaren plana, baina ez da ezta EH Bilduren plana”, erantzun zion Urkixok alderdi laudioarrari, “euskara teknikariak egin du, eta guk gainontzeko taldeekin batera izan dugu edukiaren berri”. Zenbait lanpostutarako euskara titulua eskatu beharko ez litzatekeela argudiatu zuen gero Omniak. Urkixok, aldiz, aurkako iritzia plazaratu zuen: “Ingelesa eskatuko balitz, adibidez, ez litzateke inolako arazorik planteatuko”. EAJk, bere aldetik, adierazi zuen beharrezkoa dela horrelako planak egitea, “euskararen normalizaziora bidean”. “Euskara bultzatu behar dugu Laudion eta udaletxera datorren edonork izan behar du euskaraz edo gazteleraz komunikatzeko eskubidea”, nabarmendu zuen Añibarrok.
Lamuza Parkea hizpide
PSE-EEk Lamuza parkearen inguruan aurkeztutako mozio bat eztabaidatu zuten ere. Funtsean, parkeko ondare botanikoa eta ingurunea zaintzea eskatzen zuen alderdi sozialistaren testuak, Loli Muriel zinegotziak azaldu zuenez. Txaro Sarasua abstenitu egin zen bozketan, eta gainontzeko alderdiek alde bozkatu zuten. Hala ere, iritzi kontrajarriak egon ziren eztabaidan, Aldundiak parkearen mantenuan duen erantzukizunaren harira, batez ere.
Araztegien proiektua
Markixana eta Basaurbeko araztegien proiektua izan zen udalbatzan landu zuten azken gaia. Puntu horretan ere bizia izan zen eztabaida. EH Bilduk aurkeztutako mozioari bi testu alternatibo gehitu zitzaizkion: EAJrena eta PSE-EErena.
EH Bilduren proposamena honakoa zen: Eusko Jaurlaritzari eskatzea Markixana eta Basaurbeko araztegien proiektua subsidiarioki hartzea. Jeltzaleek, aldiz, horrek zentzurik ez zuela argudiatu zuten, eta mozioak “hauteskunde usaina” zuela salatu. “Gu egoera behatzen egongo gara, eta akordioekiko errespetua eskatuko dugu, gobernatzen duenak gobernatzen duela”.
PSE-EEk, berriz, ziurtatu zuen Espainiako Gobernuak araztegiak egiteko borondatea duela, "baina proiektua aurrera ateratzeko beharrezkoa da aurrekontuak eztabaidatzeko eta ekarpenak egiteko prest egotea”. Sarasuak, bere aldetik, gogorarazi zuen bere garaian egon zela araztegiak eraikitzeko aukera, “baina udalak ez zituen behar ziren lursailak jarri”.
Azkenean EH Bilduren mozioa onartu zen, Omniaren aldeko botoekin. PSE-EEk, Sarasuak eta EAJk aurka bozkatu zuten, eta PP abstenitu egin zen.
Hemen ikusi daiteke Udal Osoko Bilkura osorik: