aiaraldea.eus

“Baserriko bizitza lankidetza da”

Erabiltzailearen aurpegia Kukutze San Blas feria elkartea   Kultura  Laudio

Laudioko Ostenko baserriko kidea da MARIA SOL RESPALDIZA okondoarra. Larunbatean Laudion egingo den San Blas jaian omenduko zuten baserritarretako bat izango da.

“Baserriko bizitza lankidetza da”
Bizitza osoa darama Maria Sol Respaldizak baserrian lan egiten. / Kukutze | Ikusi handiago | Argazki originala

Nola biziko duzu San Blas feriaren 25. edizioa?

Edizio berezia izango da, noski. Vicente Urkijori dedikatu nahiko nioke niri egingo didaten omenaldia, beragatik hasi baitzen festa... Laudioko feriarik onena da orain! Beti dugu bera gogoan, baina aurtengo edizioa berezia izango da.

Bizitza baserrian pasa duzuen emakumeei bideratua dago aurtengo omenaldia.

Hala da. Emakumeek oso bizitza gogorra izan dute baserrian, oso esklaboa. Etxeaz gain, haurrak zeuden, larrea, animaliak... guk egoera hobea bizi izan dugu, baina aurretik egon zirenek oso paper gogorra izan dute. Nire senarraren amona, adibidez, alargun geratu zen zortzi seme-alabekin. Ez zen erraza izan... familia askotan eurak -emakumeak- ziren gurditik tiraka aritu behar zirenak. Gaur egun gehiago hitz egiten da biolentziaz edo tratu txarrez, baina garai horietan... ez dakit nola izan zen.


“Emakumeen bizitza oso gogorra zen baserrian”



Baserriko bizitza, orokorrean, ez da erraza.

Inondik inora. Lehen ez zegoen ez argindarrik ezta urik ere, eta orain berogailua dugu, baina gaur egun ezin gara aberetatik soilik bizi. Guk lantegian lan egin behar izan dugu esnearen truke gutxi ematen dutelako: ordaindu beharra dago artilea eraman dezaten, teknologia garestia da, denboraren menpe zaude... Fabrikan, aldiz, fitxatu egiten duzu, eta ahaztu egiten zara. Hemen eginbeharrak ez dira inoiz amaitzen...

Familiak baserrian jarraitzen du?

Badituzte euren lanak, baina hemen bizi dira eta asko laguntzen dute. Oiloak, txerriak eta ardiak ditugu. Baserriko bizitza elkarlana da. Lau urteko txikiak ere egiten ditu saiakerak! Lau hilabete dituena ere laster hasiko da gauzak egiten...

19 aldiz atera da San Blaseko txerria Ostenkotik, ez?

Bai, bi urtez loditzen ditugu irina eta garagarra baliatuta, batez ere. Terencio XIk lau urte ditu dagoeneko. Badakizu, ez dituzte kiloak berehalakoan hartzen! Denbora eta dedikazio asko eskatzen du, baina ilusioa ere sortzen du.

2006an Terenciok IIIak lortu zuen 448 kiloko errekorra apurtuko dela uste duzu?

Ezinezkoa da hura bezalako bat topatzea! Hobezina zen. Txerri on batek luzea eta zabala behar du izan, bular onarekin. Eta urdaiazpiko bikainak izan behar ditu, eta hura oso ona zen...

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa