aiaraldea.eus

“Gutxi ikusarazi da emakumeek baserrian eginiko lana”

Erabiltzailearen aurpegia Kukutze San Blas feria elkartea   Jendartea  Laudio

Andiko baserriko kidea da BEGOÑA UNZAGA. Bihar -larunbata- Laudion egingo den San Blas jaiko omenduetako bat izango da.

“Gutxi ikusarazi da emakumeek baserrian eginiko lana”
Andikon jaio zen Begoña Unzaga eta bertan jarraitzen du gaur egun. / Kukutze | Ikusi handiago | Argazki originala

Nola jaso duzu San Blas feriako omenaldiaren albistea?

Mundu guztia dago ni baino pozago! Nire senarrak animatu ninduen. Bere errua izan dela esan daiteke... baina tira, jaiaz eta egunaz gozatzen ahaleginduko naiz. Berezia eta polita izango da, hori ziur. Gainera, aurten emakumeak omendu nahi izan dira, eta oso ondo deritzot.

Emakumeen papera baserrietan bereziki gogorra izan da...

Denetarik egitea egokitu zaigu: etxeko gauzak, familia, animaliak, ortua, hilketa... hori dakar etxean geratzeak. Eta tira, iraganeko emakumeek zailago izan dute. Gainera, oso gutxi ikusarazi da beti euren lana.

Nolakoa zen baserriko bizitza gazteak zinetenean?

Ugarte auzoan esnea saltzen nuen nik. Aita gabe geratu ginen 12 urte nituenean eta lagundu beharra zegoen.

Baserria oso gogorra da, baina gozatu daiteke?

Ni oso zoriontsua izan naiz eta naiz. Lan guztiak egiten jarraitzen dut: hilketa, kontserbak... dena. Egongo da horrela izan ezin daitekeela zioen jendea, baina nik asko gozatzen dut guztiarekin. Nire alabak esaten dit ez egiteko, lan asko dakarrela, baina gero jende guztia batzen da jatera! Baina hori da onena, egiten duzuna nola eskertzen dizuten ikustea.

Animaliak dituzue oraindik?

Bai, bi txerri eta oiloak, baina kontsumo propiorako. Behiak kendu genituen. Orain aukera daukagu oporretara joateko! Lehen ez genekien zer zen hori...

Andikon jaio zinen eta bertan jarraitzen duzu. Familiak jarraitzen du baserriko bizitzarekin?

Bai. Etxe berria egin genuen baina auzoan jarraitzen dugu, ama zaintzera gertau nintzen bakarrik geratu ez zedin. Orain bai, familia alboan bizi da. Hurbil jarraitzen dugu, beraz, baina ez dira asko animatzen parte hartzera... nire iloba nagusiak 18 urte ditu eta egon zen garai bat ortuarekin eta oiloekin aritu zena, horrek zekarren lana ikusi zuen arte (barreak).

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa