Gaur jakinarazi dute zeintzuk izango diren Laudioko Sanroke Jaietako pregoilaria eta txupineroa. Ruperto Urkijo Bolatoki Klubeko kideak arduratuko dira pregoia irakurtzeaz. “Lau hamarkada daramatzate bola-jokoa sustatzen”, azaldu du Amets Meatza zinegotziak, “baina ibilbide luzeagoa dute egina, 1966an sortutako Arloteak taldean baitu jatorria klubak”.
Taldeko kideekin batera eskaini du Meatzak prentsaurrekoa. Jose Luis Sanchezek adierazi du “ohorea eta pribilegioa” dela pregoia irakurtzeko aukera izatea. Erabakia “ezustekoa” izan da, bolatokiko presidenteak nabarmendu duenez.
Herriko hiru bolatoki kudeatzen dituzte Ruperto Urkijokoek: Gardeakoa, San Rokekoa eta San Joanekoa. Hirurak ala hirurak “egoera onean” daude, azaldu dutenez. Bolo aiararra praktikatzen dute hiru toki horietan, “eskualdeko tokiko kirola”. Ez dakite zein den zehazki jokoaren jatorria, baina Zornotza edota Lezaman jokatzen denaren kopia bat dela uste dute
Belaunaldi berrien faltan
Egun 70 pertsona inguru ari dira Aiaraldeko bolo txapelketan parte hartzen. Hala ere, “kezkatuta” daude Ruperto Urkijoko kideak, belaunaldi falta nabaria dagoelako. “Badaude 18 urteko gazte bakan batzuk, baina orokorrean jende nagusia da kirol hau praktikatzen duena, eta emakumeen aldetik are nabariagoa da gabezia”.
Sanrokeetan protagonismo nabaria dute bolatokiko kideek, txapelketa jendetsua antolatzen baitute jaien egitarauaren barruan.
Kuxinak txupina jaurtitzaile
Jaietako suziria pizteaz, aldiz, Kuxinak koadrilako kideak arduratuko dira. Jaiak Koordinakundeak hautatu du talde hori txupina jaurtitzeko izateko, orain arte jaien antolakuntzan egin dute ekarpenaren aitortza gisa. Iaz antolatu zuten Kuxinakeko kideek Koadrilen bazkaria azkenengo aldiz, lan hori egiten 15 urte eman ostean.