Astebeteko bidaia gauzatzen ari dira Laudio BHIko ikasle zein irakasleak. "30 ikasle daude Erasmus taldean Laudion. Ondarearekin du zerikusia proiektuak, ingurua, historia... Greziako gazteei, esaterako, gure kultura eta ondarea aurkeztuko diete", azaldu du Udiarraga Abrisketak.
Laudiotik 8 lagun joan dira, eta Polonia eta Portugaleko beste hainbeste. Maiatzean Poloniara joango dira, eta hurrengo urtean Portugalera.
Guztira, bi urteko egitasmoa da. "Europako herrialdeak elkar ezagutzea da helburua. Laudiora etorri zirenean, esaterako, batzuk harrituta geratu ziren euskararekin", adierazi du Udiarraga Abrisketak.
Bidaiaren nondik norakoak
Greziako gazteei erakutsi diete, aurkezpen bidez, Euskal Herria. "Aireportuan harrera egin ziguten", kontatu dute.
Dena den, aisialdirako tartea ere eduki dute: "Buztinarekin lanean ibili gara, hilobi berezi batera joango baikara. Han utziko ditugu gure artelanak, eskaintza gisa".
Hain zuzen, Acharneseko Tholos Tomb-en izan dira, Kristo Aurreko garaikoa. Horrez gain, Acharneseko museo arkeologikora eraman dituzte. Atzo, berriz, Akropolian izan ziren, Zeusen tenplua bisitatzen.
Argazkiak: Udiarraga Abrisketa