EAJk oharra plazaratu du salatzeko aurrerantzean Laudioaldeko aretoa ezingo dela ikastetxearen ordutegitik kanpo erabili. Horren errua EH Bilduk du, jeltzaleen aburuz, “koalizioa ez delako gai izan aretoaren ireki eta ixteko arduradun bat izendatzeko”.
Udal gobernuaren jarrera ere kritikatu dute jeltzaleek. “Ez dute itxieraren aurkako soluziorik bilatu, Lanbide Heziketa ikastetxeko arduradunei bota die ardura, 'konpetentzia' eurena dela argudiatuta”.
Altzarrateko antzokia
Altzarrateko antzokiaren proiektua ere izan du hizpide EAJk. Alderdiaren ustez, EH Bilduk “zaborrera” bota ditu azken 8 urteak eta “trabatuta” utzi du proiektua. “Zortzi urte galdu genituen bere interesetatik harago ikusteko gai ez zen Udal Gobernu bategatik”. Jeltzaleen ustez, azken bi legealdietan beste era batera jokatu izan balitz Antzokia eraikita egongo litzateke jada.
Horregatik, EH Bilduren “utzikeria eta arduragabekeria politikoa” salatu dituzte jeltzaleek, eta udal gobernuari eskatu diote Laudioaldeko aretoaren itxierari “berehalako soluzio bat” bilatzeko.