Omniak prentsa-oharra plazaratu du udal gobernuarekiko hainbat kritika agertzeko. Alderdi laudioarrak azaldu du ez zela iragan asteartean eginiko Ogasun eta Funtzio Publikoaren batzordera bertaratu, udal gobernuak ez zuelako gai ordenean inolako punturik sartu. “Harrigarria da hori egitea, agerian geratu denean hainbat fronte ditugula irekita, konpontzeke”.
Landu beharreko puntu horietako batzuk dira aurrekontuak, lanpostuen zerrendaren moldaketa eta lan eskaintza publikoa, Omniaren aburuz.
Aurrekontuak
Alderdi laudiorraren ustez, batzorde horretan aurrekontuen zirriborro bat aurkezten ez bada, udal hauteskundeen ostean sortzen den udal gobernu berriak aurrekontuen luzapenarekin lan egin beharko du, “bigarren urtez jarraian”. “Horrek ekarriko du diru-partidak gaurkotu ezin izatea eta aurreko urteetan finantziazio aldetik eskas geratu ziren partidek kreditu handitzea behar izatea, beste behin. Hau da, gauzak gaizki egingo dira beste urte batez”.
Lanpostuen zerrenda eta euskara
Otsaileko udalbatzan eztabaidatu zen lanpostu zerrendaren moldaketa proposamena ere kritikatu du Omniak. EH Bilduk aurkeztu zuen proposamena, baina ez zen aurrera atera. Omniaren iritziz, moldaketak planteatzen zuena egiten bada Laudioko Udala bihurtuko litzateke “bere lanpostu publiko guztiak hizkuntza perfil zehatz bat duten pertsonetara mugatzen dituen EAEko udalerri bakarra”. Oposizioko taldearen hitzetan, beharrezkoa da lanpostu zerrenda gaurkotzea, baina beste hainbat gauza kontuan izanda. Zentzu horretan, lanpostu eskaintza publiko baten beharra dagoela nabarmendu du Omniak, hutsik geratzen diren funtzioak “modu prekarioan partxeatzeari” uzteko.
Zentzu horretan, lanpostu eskaintza hori osatzeko irizpideak talde politiko guztiekin adostuta garatu behar direla argudiatu du alderdi laudioarrak. “Honetan guztian gauza bakarra geratzen zaigu argi: Laudioko EH Bilduri euskara soilik axola zaiola”. Era berean, udal gobernuak “bere hurbileko taldeak” baliatzen dituela salatu du Omniak, “euskara eta euren euskara eredua toki guztietan islatuta geratu dadin”.
Oposizioko taldeak adierazi du euskararen normalizazioaren alde daudela eta lan egingo duela hori errealitate bat izan dadin, “baina inori ezer inposatu gabe egingo dugu hori eta, batez ere, horrelako gai garrantzitsuek eskatzen duten adostasuna bilatzen”.
Udalaren erantzuna
EH Bilduk otsaileko Udal Osoko Bilkuran erantzun zien Omniak eginiko kritikei. “Euskara planaren aurka” egin duela uste du udal-gobernuak, plan horretan lanpostu zerrendaren moldaketa hori egitea aurreikusten zelako. “Urtarrilean plan horren alde bozkatu zuen Omniak, baina otsailean plan hori lotesle izatearen aurka bozkatu zuen”.