Astelehenean egin zuten Laudioko otsaileko Udal Osoko Bilkura. Hainbat gai izan zituzten hizpide, eta eztabaida ugari egon ziren.
Udaleko lanpostuen zerrenda aldatzeko proposamena landu zuten lehenbizi. Udal-gobernuaren aburuz, aurreko plenoan “ia aho batez onartutako” Euskara Planean aurreikusten ziren aldaketak egitea zen asmoa. “Zerrenda aldatzeko proposamena onartuko ez balitz, Euskara Plana adierazpen hutsean geratuko litzateke”, nabarmendu zuen Jon Ander Altube alkateordeak.
Gainontzeko udal-taldeek, baina, ez zuten iritzi bera. Gauzak hala, EH Bildu izan zen zerrenda aldatzeko proposamenaren alde bozkatu zuen talde bakarra, gainontzekoak aurka azaldu baitziren. “Lege-agintaldi osoa daramagu lanpostuen zerrendaren moldaketa eskatzen, baina orain aurkeztu zaigula hizkuntza perfilei dagokiona baino ez da”, azaldu zuen PSE-EEko Loli Murielek. Omniako Nerea Gonzalezek, bere aldetik, aipatu zuen Euskara Planaren alde dagoela, baina gaineratu zuen lanpostuen zerrendaren aldaketa “kontu serioa” zela, “aurretik landu eta adostu beharrekoa”. Antzeko iritzia plazaratu zuen Maider Basterra jeltzaleak: “ez dugu lanpostuen zerrendarekin erlazionatuta dagoen ezer onartuko proposamen global, landu eta adostu bat jaso arte”.
Altubek gogor kritikatu zuen oposizioko taldeen jarrera. “Gaia batzordean landu da eta euskara teknikariak azaldu du, sindikatuen oniritzia ere dugu. Badirudi prest zaudetela euskararen alde aritzeko, baina soilik bozkatzen dena egikaritzen ez bada”.
Tubos Reunidosen aldeko mozioa
Tubos Reunidoseko enplegua erregulatzeko espedientea ere izan zuten hizpide bilkuran, LABek gaiari buruzko mozioa aurkeztu baitzuen. EAJ eta PSE-EEk mozio alternatiboak plazaratu zituzten, baina ez ziren bozkatu, sindikatuarena onartu zelako. EH Bilduren botoei esker atera zen testua aurrera, gainontzeko taldeak abstenitu egin baitziren.
Beste gai batzuei lotutako mozioak ere onartu zituzten, ia aho batez: Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoaren aldekoa (PSE-EE abstenitu egin zen) eta Artziniega Museoari buruzkoa, besteak beste.
Greba feminista
Greba feministari buruzko adierazpena ere onartu zen udalbatzan. Mozio bana aurkeztu zuten EAJk eta EH Bilduk, baina azken unean testu bateratua adostu zuten bi taldeek. “EUDELen testua ekarri dugu, baina udalaren atxikimendua gehituta”, azaldu zuen Altubek. Aho batez onartu zen proposamena. Alkateordeak erantsi zuen grebak eragina izango duela udalaren ohiko funtzionamenduan. “Emakume langile askok greba egingo dute eta kalean mobilizazioa izango da nagusi. Egun horretan ez da udalaren agenda publikorik egongo”.
Uraren kudeaketa izan zuten eztabaidagai plenoaren azken puntuan. EH Bildu mozioa aurkeztu zuen Arabako Foru Aldundiari eskatzeko tokiko erakunde guztiei “modu orekatuan” laguntzea uraren kudeaketan. EAJk mozio alternatiboa aurkeztu zuen, koalizioak azaldutako zenbait punturekin bat egiten ez duelako. Maider Basterraren aburuz, Aldundiak diruz lagundu egiten ditu hala eskatzen duten erakundeak. “Baina baldintza batzuk bete behar dituzte horretarako, beste edozein diru-laguntzarekin gertatzen den bezala”, adierazi zuen zinegotziak. Azkenean EH Bilduren mozioa atera zen aurrera, Omniak testu horrekin bat egin zuelako.