Aldundian eta Espainiako Kongresuan “Araba eta Aiaraldea” ordezkatzeko prest azaldu dira EH Bilduren hautagaiak

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mar. 30a, 07:28

Atzo arratsaldean egin zuen EH Bilduk Espainiako Gorte Nagusietarako eta Arabako Foru Aldundirako hautagaiak aurkezteko ekitaldia.

Laudioko alkateordea den Amets Meatzak gidatu zuen saioa. Darocan preso dagoen Galder Barbadori elkartasun keinu bat eginez hasi zuen ekitaldia, eta Ainhize Solaunek hartu zuen hitza gero.

EH Bilduko Aiaraldeko zerrendaburua izango da Solaun datozen Foru Hauteskundeetan. Aldundira eraman nahi dituzten proposamen eta proiektuez mintzatu zen gazte amurrioarra. Aiaraldean ospitale bat eraikitzearen beharra azaldu zuen. Era berean, eskualdeko egoera sozioekonomikoari buruzko ponentzia aktibatzea “funtsezkoa” dela nabarmendu zuen zerrendaburuak, eta “alokairu soziala” ere aldarrikatu zuen, “gazteentzako etxebizitza komunitarioak” sortzearen aukera proposatuaz, besteak beste.

Kike Fernandez de Pinedok hitz egin zuen jarraian. Arabako egoera ekonomikoa ere izan zuen hizpide. Langabeziaren jaitsieraren atzeko errealitatea kontatu zuen, besteak beste: “langile pobreak sortzen ari gara, kontratu oso motzak dituztenak”. Hori dela eta, hautagaiak azpimarratu zuen “gaizkien dauden pertsonen alde” egiten dutela lan. Lehenengo sektorea birplanteatu behar dela ere aipatu zuen, “politika industrial berri” baten beharrarekin batera. Energia eredua aldatu eta kuadrillen arteko desorekak deuseztatu behar direla ere gaineratu zuen arabarrak.

Berna Ortiz gogoan
Iñaki Ruiz de Pinedo izan zen hitza hartzen azkena. Laudion Frankismo amaieran egondako borrokak ekarri zituen gogora, eta iragan asteburuan zendutako Berna Ortizen lana ere izan zuen hizpide. Horrez gain, Pablo Gorostiaga eta Pablo Isasi goraipatu zituen Espainiako Gorte Nagusietarako Arabako zerrendaburuak. “Ziur nago eurak gobernatzen zeudenean gazteak atxilotu edo Lezamako baserri bat tirokatu izan balute beste modu batera jokatuko luketela, eta Santiago Abascalen faxismoari aurre egingo lieketeela”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide