Jon Ander Altube Laudioko alkateordeak gaur azaldu du astelehenean Julian Padierna Renfeko EAEko gerentearekin bildu zirela. Enpresa publikoaren arduradunak iragarri zien 2019ko bigarren seihilekoan esleituko dituztela herriguneko tren geltokiko obrak.
Lan horiek eragina izango dute, bereziki, irisgarritasunean. Alde batetik, igogailua instalatuko dute geltokira sartzeko. Bestetik, makinak dauden eremua ere egokituko dute eta, azkenik, nasetan bi ardatz izango dituzte: altuera igotzea unitate berrietara moldatzeko eta babeslekuak eraikitzea.
Bestalde, Aretako geltokian premiazko lanak abiatu zituzten duela zenbait hilabete. Izan ere, 2016an emakume gazte bat hil zen, trenak harrapatu ostean. Horrelakorik ez errepikatzeko, tunela eraiki dute bertan eta erabiltzeko aukera dago jadanik. Gainera, igogailuak jarri eta nasen altuera igo dute, besteak beste.