Altzarrateko Antzokiaren exekuzio proiektuaren esleipena gelditu behar izan dute, lehiaketako parte hartzaileetako batek kexa aurkeztu duelako. Euskadiko Kontratuen inguruko Errekurtsoen Administrazio Organoak (OARC) tramitera onartu du erreklamazioa, eta maiatza amaierara arte du epea kexa plazaratu duenari arrazoia eman edo ez erabakitzeko. Ordura arte geldituko da esleipen prozesua.
Epaimahaiak lehiaketatik kanpo utzi zuen “Geoda” izeneko proiektua, proiektu horren egileek posta elektronikoz bidali zutelako dokumentazioa entregatu zutenaren jakinarazpena, lehiaketaren oinarrietan hori burofax bidez egin behar zela zehaztuta zegoen arren. Horregatik jarri dute egileek errekurtsoa. 32 proiektu aurkeztu dira guztira lehiaketara.
Bigarren etenaldia
Honakoa ez da antzokiaren lehiaketak duen lehen etenaldia. Iragan azaroan Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak aurkeztu zuen helegitea, eta OARCek arrazoia eman zion.
“Oso ohikoak dira horrelako errekurtsoak mota honetako lehiaketetan”, azaldu du Jon Ander Altubek. Alkateordeak nabarmendu du antzokiaren egitasmoak aurrera jarraituko duela eta honakoa “etenaldi txiki bat” baino ez dela. Administrazio Organoak erreklamazioa jarri dutenei arrazoia emango balie ere, etenaldi hori ez litzateke oso handia izango, Altuberen arabera.
Gauzak hala, erreklamazioari “ahal bezain laster erantzutea” eskatu dio udaleko ordezkariak OARCi, segurtasun juridikoa bermatu eta lehiaketaren prozedurarekin jarraitu ahal izateko.
Hala ere, Altubek adierazi du udal gobernuarentzat ez dela funtsezkoa proiektua hauteskundeak baino lehen abiatzea, “Antzokia egikaritzea da gure helburu bakarra. Udalak badu horretarako gaitasun ekonomikoa eta herritarren gehiengo oso zabal baten eskaria da”.