Isidrorekiko nire oroitzapenik zaharrena Laudioko institutu garaikoa da. Don Eustakio Eizmendi izeneko apaiz bat izan genuen erlijio irakasle, garai hartako gazteontzat erreferentea izan zena, ideologia irekia zuelako eta espektatiba berriak ikusteko irekitzen zizkigulako begiak. Gerora, Isidrok Bartzelonan egin zituen ikasketak, eta Euskal Herrira itzultzean zineforuma sortu zuen oraintsu agurtu dugun Berna Ortizekin batera, besteak beste. Horrez gain, Familien Elkartean aritu zen lanean, eta gizarte mugimendu ugaritan. Laudioko herri mugimenduetan Isidrok egindako lana ezin izan dut jarraitu, sekulako martxa zuen eta. Herri plataforma ugaritan jarri zuen bere alea: zineforumetan, Familia Elkartean, San Blas azokan, Komando Sukaldarin, Atxurdin txokoan, Sagar azokan, Gure Esku Dagon....
Politikoki oroituta, HAZI fundazioan lan handia egin zuen, talde sendoa baitzegoen Laudion. Kooperatibagintzan ere nabarmendu zen, Arrasateko taldean ibili baitzen. Azkenean, Bilbon sustraitu zen, eta EGINeko Administrazio Kontseiluan parte hartzeko zortea izan zuen, putre zikinen sabotaiari aurre egiteko. Izan ere, espainiar estatuak herri oso baten fruitua zen EGIN egunkariarekin bukatu nahi izan zuen. Egoeraren aurrean Euskal Herri osotik bilketa ekonomikorako lan izugarria egin genuen, egunkariko kontuak saneatzeko. Prozesu horretan nik ere hartu nuen parte. Plana bideragarria izatea lortu genuean, Baltasar Garzon epaile nazkagarriak -ezin da beste modu batean definitu- betirako bukatu zuen EGINekin, 18/98 makrosumarioan 50 lagun inguru auziperatuta. Horien artean geunden EGINeko Administrazio Batzordeko kideak ere, eta zenbait langile. Gure proiektua hiltzea eta deuseztatzea nahi zuten. Jakina denez, Baltar Garzon epaileak 20 urte beranduago -harrapaketa juridiko politikoa gutxi irudituta- Gara egunkariari 3 milioi euroko zorra ezarri dio, EGINen oinordeko ideologiko eta intelektuala izateagatik. Orduantxe ikusi nuen berriro garai onenetako Isidro. Berak esana da honakoa: “Gara-rekin laurel zaharrak ateratzen dabiltza, kanpaina betean jarri gaituzte, lehen bezain ilusionatuta, saretzen ari den erronkari heltzeko”. Isidroren omenez, gaur bereziki, Gararen babes termometroak zentimetro bat egin du gora. Zer eta Isidrok utzi gaituen egunean...bere omenezko beste garaipen bat izan da hau ere.
Askok ezagutu dugu Isidro. Bazirudien ez zitzaiola sekula soka bukatuko. Nire ustez, lagun izugarri bat joan zaigu. Ez motxila hutsarekin, baina. Laudion sekulako lana burututa utzi gaitu, biziberrituta. Euskal Herrian ere eragin handia izan du bere ekarpenak. Dudarik gabe, oso ondo amortizatu ditu bizitzeko izandako urteak. Eskerrik asko.