“Asko gustatuko litzaidake ni eta nire beste taldekideren bat Euskal Selekziora joatea”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko mai. 2a, 07:00
Bost urte zituela hasi zen Urko Ruiz Larizgoitia hockeya praktikatzen. / Aiaraldea.eus

URKO RUIZ LARIZGOITIA (Laudio, 2005) Ganbegiko jokalaria da eta Espainiako Hockey Txapelketan parte hartu du Euskal Selekzioarekin, 16 urtez azpiko kategorian.

Espainiako Txapelketan aritu zara Euskal Selekzioarekin. Zer moduz?

Ondo, bosgarren geratu ginen. Balentziaren aurkako partidan berdinketa lortu genuen eta orduan dena okertu zen. Baina bestela oso ondo. Madrilen egin ziren norgehiagokak. Oso gustura egon naiz, barre asko egin dugu eta asko ikasi dut. Nire lehenbiziko aldia izan da horrelako txapelketa batean.

Ezberdintasun handiak daude txapelketa honen eta orain arte egin dituzunen artean?

Bai, maila handiagoa dago eta gusturago jokatu dut.

Teknifikazio saio bat ere egin duzue Gardeako zelaian. Zer moduz joan da?

Oinarrizko entrenamendu bat egin genuen eta gero bi partidu jokatu genituen. Espainiar Selekzioko hautatzaileak etorri ziren.

Baduzu horrelako beste ekimenen batean parte hartzea aurreikusita?

Ez dut ezer espero. Ni dena ematen saiatzen naiz eta lortzen badut gustura geratzen naiz. Bestela lan gehiago egiten ahalegintzen naiz.

Ganbegin zaude jokalari gisa. Zein da aurtengo denboraldiari begira duzuen asmoa?

Liga amaitzea eta ahal bezain ondoen jokatzea. Seigarren postuan gaude eta zortzi talde daude ligan.

Noiz hasi zinen hockeyan?

Bost urte nituenean hasi nintzen praktikatzen, zazpi urte daramatzat. Nire lagunak Gardeara etorri ziren kirola probatzera eta ni ere animatu nintzen. Gustatu zitzaidan eta jarraitzea erabaki nuen.

Zerk bultzatu zaitu jokatzea?

Zerbait egiteko gogoak eta taldean dagoen giroak bultzatu naute gehien.

Ez zara makilaren edo piloten kolpeen beldur?

Ez, gainditu egiten da. Kolpeak jasotzen ditudanean ez diet arretarik jartzen.

Zer ezberdintzen du hockeya beste kirol batzuetatik? Zer du berezi?

Pilota oso azkar mugitzen da eta horrek ahalegin berezia egitea eskatzen dizu, eta nik hori dut gogoko. Teknika oso garrantzitsua da kirol honetan, baina baita azkarra izatea ere.  Ni altua naiz eta arin ibiltzen naiz, eta horrek asko laguntzen dit. Indarrak ere badu garrantzia, baina ez horrenbeste.

Pista estalian edo zelaian jokatzea, zer duzu nahiago?

Zelaian jokatzea. Pista estalian jokatzen duzunean ezin duzu pilota altxatu eta beste hainbat mugimendu ere mugatuak daude.

Zenbatero entrenatzen duzue?

Astean bi entrenamendu egiten ditugu Ganbegirekin. Getxo eta Dosnotiara joaten gara, hobetzeko eta Euskal Selekzioko entrenatzaileek gure maila ikusteko. Hor eta gure entrenamenduetan ahalegin handia eginez gero asko ikas dezakegu.

Etorkizunari begira zeintzuk dira zure asmoak?

Hockeyan jarraitzea gustatuko litzaidake, lagunekin eta giro onean. Asko gustatuko litzaidake  ni eta nire beste taldekideren bat Euskal Selekziora joatea. Teknifikazio saioan Ibai Tejedor ere egon da. Berak, Ibai Atxak, Gari Hernandok, nik... baditugu aukerak, esfortzu handia egiten badugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide