Atzo izan zen muralaren aurkezpen ekitaldia Laudion. "Emakumeen aniztasuna eta elkartasuna islatu ditugu", adierazi dio Aiaraldea hedabideari sortzaileak. Amets Meatza alkateordeak hasi zuen ekitaldia, proiektuaren nondik norakoak gogora ekarriz: "Indarkeria matxista salatu nahi izan dugu". Berdintasun zerbitzuak sustatu du ekintza, horma irudi parte hartzailea. Gogoetarako saioen bidez erabaki dute zer irudikatu paretan, Irantzu Lekuek azaldu duenez: "Sororitatea, sahara, Amagoia Elezkano indarkeria matxistak eraildako herritarra, emakumeen borroka... atera ziren ideia gisa".
Amets Meatzak azpimarratu zuen feminismoaren ikurraren barnean loreak egotea, Amagoia Elezkanori egindako omenaldiaren keinua dela, "indarkeria matxista jasten duten emakume guztiena. Aniztasuna, inklusioa, indarra, belaunaldien arteko harremanak eta sororitatea, kale ekintza artistiko eta aldarrikatzailea honen parte dira jada".
Irantzu Lekuek margolanaren nondik norakoak aipatu zituen: "Gurpildun aulkian amona bat jarri dugu, gorputz eta izaera ezberdinetako emakumeak irudikatu ditugu, eskuen arteko emakume korrikalariak indarra adierazten du... Eta koloreen bidez, sexu eta genero aniztasuna islatu dugu". Nola Laudioko Udalak hala artistak, ekimenera batutako herritarren parte hartzea eskertu zuten.