Kalean dago jada Okher rap abeslariaren lehen diskoa. 11 abestiz osatuta dago lana. Horietako 6 jada argitaratuta daude, artista laudioarrak azken urtean plazaratu dituen bideoklipen bidez. Beste bost abestiak, aldiz, guztiz berriak dira. Aiaraldeko, Murtziako edota Indonesiako musikarien laguntzarekin grabatu du Okherrek diskoa. “Ia bi urtetan zehar landuriko prozesua izan da”, azaldu du abeslariak. “Gogorra” izan dela nabarmendu du: “musika ekoizpenean zerotik hasi nintzen. Nire Kabuz ikasi dut produzitzen, pazientzia askorekin eta profesionalen aholkuez baliatuz batzuetan”.
Hainbat tokitan eskuratu daiteke Cda formatu fisikoan: Laudioko Sorgin eta Keska tabernetan eta Bilboko Brasa Kanalla jatetxean eta Tattoo Adicts tatuaje dendan. Internet bidez ere eskuratu ahalko da, Okherrekin zuzenean kontaktuan jarrita. “Garrantzitsua da erosle bakoitzak albumarekin argazki bat egin eta niri bidaltzea. Izan ere, nire asmoa da lehen 500 kopiak salduta daudenean argazki guztiekin eskerrak emateko bideo bat sareratzea”.
Kontzertuak eta dokumentala
Disko argitaratuta, kontzertuak ematen hasiko da Aiaraldeko musikaria. “4 musikarirekin nago zuzenekoak prestatzen”. Horrez gain, dokumental bat ere prestatzen ari da, egitasmo guztia ikus-entzunezkoak baliatuta hobeto azaldu ahal izateko.