221.000 euroko zorra bideratzen ari da CD Laudio, eta Fogasa erakundearekin akordioa lortu du jadanik

Aitor Aspuru Saez 2019ko eka. 13a, 09:40
Asteartean deitu zuten bazkideen batzar orokorra aurrekontuak onartzeko./ Aiaraldea.eus

CD Laudiok 73.000 euroko zorra ordainduko dio Fogasa erakundeari 5 denboralditan, 2.B mailan egon ziren jokalariei ez zieten ordaindu eta. Ondorioz, 221.000 euro eskatu dizkiote guztira hainbat zordunek, baina klubak ez du zati handi bat aitortu eta beste bat atzeratzeko aukera dauka.

CD Laudioko zuzendaritza berriak asteartean deitu zuen batzarra bere norabidea babesteko bazkideek. Planteamendu teknikoak eta kirolaren esparrukoak ez ezik, aurrekontuak landu zituzten eta oinarri soziala ados egon zen zuzendaritza berriaren asmoarekin.

Hala ere, Laudioko futbol taldearen diagnosi ekonomikoa ez da samurra. Guztira, 221.000 euro eskatzen dizkiote hainbat zordunek. Hori bai, momentuz, soilik batzuei aitortu die zuzendaritzak zilegitasuna.

Javi Zaballa presidenteak azaldu du horiek zeintzuk diren: "Fogasak ordaindu zien jokalariei 2.B mailan zegoenean kluba. 73.000 euro jarri zituen. Horri gehitu behar zaizkio 11.000 euroko interesak. 5 denboralditan kitatuko dugu hori, eta jardunaldi honetan ekin diogu ordaintzeari. 2018an 5.000 eurorekin hasi ginen eta, horrez gain, 1.327,71 euroko kuota bideratzen dugu hilero".

Ordainduko zaienen artean daude Onieva autobusak (11.140,7 euro), Euskaltel (211€) eta 2. B mailan aritutako jokalari bat. Hala ere, Zaballaren esanetan jokalariaren kasua ez dago guztiz argi: "Maiatzean heldu zitzaigun komunikazio bat Amurrioko epaitegitik 7.500 euroko zorra eskatzen. Epaiketa eta galera gehiago ekiditeko aurreratu genuen 2.500 euroren ordainketa, baina ikertu behar da diru hori ez ote zuen Liga de Futbol Profesional erakundearen aldetik kobratu. Arazoa da aurreko zuzendaritzak aitortu ziola zorra. Edonola ere, probatzen bada dirua kobratu zuela, baloratu beharko da gainerako 5.000 euro ordainduko zaizkion".

73.155,77 euro Espainiako Futbol Federaziorako 
Atzeratu daitekeen zorren artean dago Espainiako Futbol Federazioari zor zaiona. 73.155,77 euroko zama bada ere, klubak soilik ordainduko beharko luke 2.B mailara berriro igoko balitz, baina hori ez da elkartearen lehentasuna. "Klubaren egoera saneatzera etorri gara. Horretarako hartu genuen ardura iaz eta horretan tematuko gara" azpimarratu presidenteak.

Ordainduko ez diren eskaerak: 46.600 euro 
Zordunen zerrenda, dena den, luzeagoa da, baina zuzendaritza berriak ez du zilegitzat jo horien zorra. Javi Zaballak argitu du egoera: "Aurreko zuzendaritzak ez ditu zorra horiek aitortu eta ez dago probatzen dituen dokumentaziorik. Gure betebeharra bazkideen aurrean da zor guztiak ordaintzea, baina soilik legez babestu ahal direnak. Guk ez dugu ezer ordaindu gabe utziko, baina horretarako zerbaitetan oinarrituta egon behar da zor den dirua; edo aurreko zuzendaritzak paper ofizial batean aitortuta edo kontratuaren bidez".

Zaballak deskribatutako kategoria horietan ez dira sartzen hurrengo eskaerak:

  • Ramon Castelo entrenatzaileak eta bere prestatzaile fisikoak -bere anaiak, alegia- 32.000 euro zor zaiela adierazi dute -2.B mailako garaikoa-. Edonola ere, zuzendaritzak dokumentazioa eskatu du eta ez duenez jaso, ez du ordaintzeko asmorik. 40 bazkidek babestu dute erabakia, 6 abstenitu ziren eta 7k aurkako botoa eman zuten.
  • Horrez gain, 2 administrarik eta prestatzaile fisiko batek ere 11.600 euroko zorra kitatzea eskatu dute, baina zuzendaritzak ez ditu eskaerak aitortu. Azkenik, harrobiko entrenatzaileek 3.000 euro ordaindu behar zaiela adierazi dute.

Javi Zaballa presidenteak erantsi du amorrua ematen diola azken kasuak, harrobiko prestatzaileenak: "Gazte asko dira eta bakoitzari diru gutxi zor zaio, eta ziur nago ez zaiela ordaindu, baina aurreko zuzendaritzak hori aitortu gabe ezin dugu kitatu. Alde batetik, aurrekaria izango litzateke, besteek eurena -frogatu gabekoa- eskatzeko balia lezakete aukera. Bestetik, ezin dugu bazkideen aurrean ordainketa bakarra ere egin dokumentazioak ez badu babesten".

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide