Bihar itzuliko dira Valvospain-Ituarteko langileak lanera, greban hilabete bat baino gehiago eman ondoren. Maiatzaren 30ean gelditu zituzten fabrikako makinak, zuzendaritzak ezarri nahi zituen kaleratzeen eta soldata atzerapenen aurka.
Lantegia guztiz ixtea zen enpresaren jabeek plazaratu zuten azken asmoa. Azken astean, baina, egoera nabarmen hobetu dela dirudi. Iragan ostegunean bildu ziren beharginen ordezkariak administratzaile konkurtsalarekin eta enpresaren zuzendaritzarekin. Bertan jakinarazi zuten fabrikako buruek oraindik ez zirela likidazio fasean sartu eta banku hartzekodunetako bat prest agertu zela enpresa bere gain hartzeko. Hitzarmen bat sinatuko lukete horretarako. Akordio horren arabera, bankuak Valvospain-Ituarteren akzioak erosiko lituzke, enpresarekiko hartzekodunak diren beste finantza entitate batzuekin batera.
Prozesuak lau hilabete iraun lezake. Denbora horretan langileen irteera boluntarioak adostea eskatu zieten bileran komiteko kideek, “irteera traumatikoak ekiditeko”.
Ostiralean negoziatzen jarraitu zuten. Langileek hainbat aldarri jarri zituzten mahai gainean: Aurretiaz beharginekin zegoen zor ekonomikoa kitatzea, soldatak egunean izateko bermea izatea, oporrak disfrutatu ahal izatea eta aurretiazko baldintza berak mantentzea. Zuzendaritzak eskaera guztiak onartu zituen. Horregatik erabaki dute langileek greba uztea.
Beharginek nabarmendu dute grebak balio izan diela prozesua baldintzatzeko, eta enpresarentzat irtenbide bat bilatzea posible dela uste dute, zailtasun handiak egongo direla dakiten arren.
Instituzio publikoekin bilerak
Bien bitartean, instituzioetako ordezkariekin biltzen dabiltza langileak. Gaur Amurrioko Udaletxean egon dira Aiaraldeko hainbat talde politiko eta alkaterekin elkartuta. Eusko Jaurlaritzako Industria Kontseilariordearekin ere bildu dira. “Gure lanpostuen alde borrokatzen jarraituko dugu, soldaten alde eta enpresak etorkizunerako proiektu bideragarri bat izan dezan”.