“Pregoia aukera ona izango da bolo-jokoa ezagutzera emateko laudioarren artean”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko uzt. 31a, 11:58

Klubeko bi kideak, San Rokeko bolatokiaren aurrean. / Aiaraldea.eus

Ruperto Urquijo Bolatoki Klubeko kideak dira JUAN ANTONIO GAYA HERNANDEZ (Laudio, 1940) eta JOSE LUIS SANCHEZ GARCIA (Laudio, 1958). Kluba izango da aurtengo Laudioko jaietako pregoilaria.

Laudioko jaietako pregoilari izatea egokitu zaizue. Pozik?

Jose Luis Sanchez Garcia: Urtarrilean jaso genuen albistea, eta apur bat harrituta geratu ginen, abuztuan pregoilariak izango ginela pentsatzean. Baina gero oso ondo, martxa hartzen joan ginen. Imajinatzen genuen klubak zuen historia eta ibilbideagatik aukerak genituela pregoilariak izateko. Udalari eta jai batzordeari eskerrak eman dizkiogu gu hautatzeagatik.

Gutxi falta da jaietarako. Baduzue pregoia prestatuta?

Sanchez Garcia: Bai, badugu testua prestatuta. Oraindik ez dugu pregoiaren ekitaldia bera nola egingo dugun pentsatu. Pertsona bat egongo da testua gazteleraz irakurriko duena, eta beste bat euskaraz irakurri duena. Hori da zehaztuta dugun gauza bakarra. Ez da oso pregoi luzea izango. Klubak aurrera egin dezan lan egin duten pertsonei eskerrak emateko baliatuko dugu ekitaldia. Bi pertsona izango ditugu bereziki gogoan. Hemen gurekin dugun Juan Antonio Gaya Hernandez da horietako bat. Bera izan da klubaren 35 urtez klubaren presidentea.


“Arloteak izan ginen bolo-jokoan hasi ginenak, 1966. urtean”


Juan Antonio Gaya Hernandez: Gauza bat izan behar da kontuan. Arloteen lehen belaunaldikoa naiz ni, eta egun arloterik nagusiena ere banaiz. Arloteak izan ginen bolo-jokoan hasi ginenak, 1966. urtean.

Lehenago ez zen kirol hori praktikatzen?

Gaya Hernandez: Bazeuden bolatokiak. Altzarrateko bolatokia zen erabiliena, Villosan zegoena. Baina fabrika handitu zenean kendu egin zuten gune hori. Aretan, Santa Luzian, San Juanen... ere bazeuden mota horretako espazioak. Aldai plaza dagoen tokian ere bazegoen bat. Gardean, ordea, hiru. Pribatuak ziren denak, Altzarratekoa salbu.

Sanchez Garcia: Bolatoki horretan hasi zen Eskualdeko Ruperto Urquijo Txapelketa jokatzen. Aurten 55. edizioa egingo dugu. Norgehiagoka berezia da, eliminazio sistema baten bidez funtzionatzen duen bakarra baita.

Gaya Hernandez: Ruperto Urquijo Klubak 1980. urtean du jatorria. Lehenago Arloteak eta beste talde bat zeuden. Beste talde hori ez zegoen “Arlote” izenarekin konforme, eta euren kabuz antolatzen zituzten gauzak. Baina baten batek ideia on bat izan zuen: dena batu eta fusionatzea eta klubari “Ruperto Urquijo Bolatoki Kluba” izena jartzea. Ni neu arloteen garaiko klubaren presidentea nintzen, eta talde berriko buru izatera pasa nintzen gero. Aurten San Rokeko Bolatoki Sari Handiaren 48. edizioa ospatuko dugu, Laudioko jaietako Baserritar egunean.


“Urteak 52 asteburu baldin baditu, guztietan daude norgehiagokak, bostetan salbu”


Zer nolako funtzioa bete dute bolatokiek Laudioko jaietan?

Sanchez Garcia: Lehenago komentatu nahiko nuke beste bi bolatoki egon zirela Larrazabalen: Isusikoa eta Gastakakoa. Hor garatu genuen kirol honekiko zaletasuna klubean gaur egun gauden gehienok. Hortik abiatuta hasi ziren inguruko herrietan ere bolatokiak sortzen. Horregatik, jai bat dugun bakoitzean eskualdeko beste herrietako jendea ere bertaratzen da, 60-70 lagun inguru biltzeraino.

Gaya Hernandez: Aiarako bolo-jokoaren ekintzen egutegia oso betea dago. Urteak 52 asteburu baldin baditu, guztietan daude norgehiagokak, bostetan salbu.

Sanchez Garcia: Egutegia estua da. Aste Santua eta Gabonak kenduta, astebururo daude kirol hau praktikatzeko zitak eskualdean.

Gaya Hernandez: Gabonak baino lehen lau eguneko txapelketa dago Kexaan, gainera. Izugarria da. Momentuz badugu horrelako egutegia aurrera ateratzeko gaitasuna. Espero dugu instituzioen eta bestelako erakunde zein norbanakoen laguntza jasotzea hau galdu ez dadin. Enegarrenez esango dut: bolo-jokoa kultura gisa ulertu behar da. Niretzako Aiarako bolo-jokoa Aiarako Kuadrillari erabat lotuta dagoen kirola da. Penagarria litzateke instituzioen erruz galtzea. Pilota baino askoz lehenagokoa da bolo-jokoa. Bolatoki asko zeuden Aiaraldean, eta orain oso gutxi daude.

Zergatik?

Gaya Hernandez: Bolatokietako asko taberna edo txakolindegi baten parte ziren. Gardean badago Zubiaur Ibarretxe sendiarena zen bolatoki bat. Gaur egun itxita dago. Ruperto Urquijo bertara joaten zen jokatzera. Hortik dator Vamos a Gardea abesti ospetsua. Abesti hori kantatuko dugu abuztuaren 14ko pregoiaren irakurketan.


“Niretzako Aiarako bolo-jokoa Aiarako Kuadrillari erabat lotuta dagoen kirola da. Penagarria litzateke instituzioen erruz galtzea”



Nola bermatu daiteke belaunaldi aldaketa?

Gaya Hernandez: Garai batean bolo-eskola bat sortu ahal izan genuen, Laudioko Institutuarekin elkarlanean. Aukera hau baliatu nahi dut ikastetxe horri eskerrak emateko, gehien inplikatu den hezkuntza zentroa delako, Rakel Otillanoren garaitik Isabel Abaden urteetaraino. Zentroak bazuen jarraitzeko asmoa, baina hemen ez dugu kidego nahikorik eskola egiteko.

Nik uste dut behetik sartu behar dela, oinarritik. Badakigu kirol honek ez duela profesional mundura salto egiteko aukerarik ematen. Izango balu ehunka lagun egongo lirateke praktikatzen. Nik badut instituzioen inplikazioarekiko itxaropena.

Sanchez Garcia: Laudio Ikastolak eskolaz kanpoko ekintza gisa jarri zuen iaz bolo-jokoa, baina ez zen inor inskribatu. Berriro jarriko dute aurten.

Klubaren egungo zuzendaritzarekin Laudion lau udal-bolatoki egotea lortu dugu: Gardeakoa, San Joanekoa eta San Rokeko biak. Gardekoak 25 urte bete ditu aurten. Inguruko gainontzeko herriek, aldiz, bakarra dute. Jokatzen dugunak arduratzen gara azpiegiturak txukun mantentzeaz, eta udala mantenuaz.

Pregoiaz gain, zer egingo duzue aurtengo jaietan?

Sanchez Garcia: Lehen aipatu bezala,  San Rokeko Bolatoki Sari Handiaren 48. edizioa egingo dugu Baserritar egunean, goiz eta arratsaldez.

Jai bereziak izango dira aurtengoak guretzat. Aukera ona izango da laudioarren artean bola-jokoa ezagutzera emateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide