Zein da istripuaren inguruan egiten duzuen balorazioa?
ELA:
Balorazioa, lagun baten heriotzaz hitz egiten dugunean, guztiz negatiboa da. Ez da ulertzen lanera doan pertsona bat bertan hiltzea. Oso gogorra da familiarentzat, bereziki.
STAT:
Gertatutakoa ikusi ondoren, balorazioa argi dago: istripu latza izan da eta ondorioak penagarriak. Hortik aurrera, mila gauzaren inguruan hitz egin dezakegu, baina Ibai joan egin zaigu eta, gure ustez, Tubacex-ek enpresa bezala, kanporantz ematen duen irudia barrurantz ere eman beharko luke, eta segurtasun lanetan eredugarriak izan beharko ginateke.
CCOO:
Istripua gertatu da egoera askok ahalbidetu dutelako. Batzuk zehatzak dira eta Osalan, Ikuskaritza, ordezkari eta prebentzio teknikariekin analizatu beharko dira. Beste balizko arrazoi batzuk orokorragoak dira, mantenuan langile gutxi daudela kasu, langile berrien trebakuntza falta edo enpresako estrategia ekoizpenak handitzeko.
Kausa zehatzak ikertzen ari dira eta argituko dituzte arrazoi objektiboak, zeinak aztertu beharko ditugun. Kausa orokorrak sindikatuen aldetik aztertu beharko ditugu eta aldaketak aldarrikatu beharko ditugu enpresako zenbait politikatan, istripu mota hauek ez errepikatzeko.
Sindikatu independentea:
Presioa hiltzailea dela, hori da guk egiten dugun balorazioa. Azken urteetan zuzendaritzak ezarritako politika, aldi baterako kontratuen luzapen ezegonkorrarekin batera, langileok presiopean lan egitea lortu du.
LAB:
Ezaguna da Tubacex eskualdean. Enpresa indartsua izan da betidanik bere sektorean eta jada 60 urte baino gehiago daramatza Aiaraldean. Jende askori, Tubacex aipatzen diozunean alokairua izango da burura etorriko zaion lehenengo gauza. Ikastetxeetan ere betidanik Tubacex goxokia dela saldu diete ikasleei. Askotan aipatzen zuen hau Ibaik.
Gaur egun Tubacex multinazionala da. Minutu bakoitzari prezioa jarri diote eta honek ondorioak ekarri ditu, hiru arlotan, batez ere: segurtasuna, espezializazio falta eta lau langiletik batek kontratu finkorik gabe lan egitea.
Segurtasun trebakuntza eskasa eskeintzen diete kontratazio berriei. Askotan ez da betetzen lanposturako markatutako gutxiengo trebakuntza. Jendea ahalik eta lasterren autonomoa izatea lortu nahi dute. Pertsona asko, nagusia pozik edukitzearren, euren burua arriskuan jartzera eramaten ditu horrek.
Azpimarratu behar da lehen Tubacexen langile bakoitzak bere lanpostuan betebehar jakinak zituela. Horrek lan baldintza seguruagoetan lan egitea posible egiten zuen. Langile bakoitzaren funtzioak idatzita zeuden eta bere betebeharretatik at zegoena ez zuen egiten. Gaur egun, aldiz, zuzendaritza berriarekin zeharo aldatu da egoera. Edonork edozer egin dezake eta horrek ondorioak ditu.
Istripua arrazoi konkretu batzuengatik gertatu zen, baina guretzat garrantzitsuena, istripurik ez egotea da. Enpresak behar bezalako neurriak hartu ez izana salatzea dan dugu eta hauek isilarazten dira.
Gehienetan, zorte onaren aitzakiarekin ezertan geratzen dira, baina gehiegi dira eta ezin dira estali. Azken bolada honetan, denok zer edo zer larria gertatuko zela bagenekien, nahiz eta noiz edo nori gertatuko zitzaion ez jakin. Enpresako instalazioen gainbehera eta barruan jasaten ditugun baldintzak gero eta kaskarragoak dira.
USO:
Publikoki adierazi dugu behin baino gehiagotan gure balorazioa negatiboa dela, prebentziorako sistemak ez baitu funtzionatzen.
Lankide bat hil izana ondorio larriena da, baina hainbat motatako istripuak gertatzen dira etengabe. Guztiak gertatzen dira lan erritmo altuak direla medio.
Sindikatuek zein neurri proposatzen dituzue horrelakoak ekiditeko? Mobilizazioak aurreikusi dituzue?
ELA:
Tubacexeko langile batzordean guztion artean elkarrekin aztertzen ari gara prebentzioko kultura aldatzeko bidea. Langileen eskaerak definitu eta gero zuzendaritzari jakinaraziko dizkiogu. Emaitzen arabera etorkizunerako estrategiak ikasi beharko ditugu.
STAT:
STAT sindikatuan buelta asko eman dizkiogu gure lantegian dagoen egoerari, istripu honen aurretik, eta noski, hau eta gero. Gure ustetan, mantenu saila guztiz txikituta dago, horrek eraman gaitu gure lantegia gero eta egora txarragoan egotera eta arriskutsua izatera. Hori berehala konpondu behar da jende gehiagorekin. Beste alde batetik, elektromekaniko hitza gero eta gehiago entzuten da eta ez pertsonak ezta mandoak ere, ez daude prest denak denetarik egiteko, gure lantegietan ditugun teknologia eta makinekin.
Beharrezkoa da jendea prestatzea erantzukizunak eman aurretik. Eta azkenik, lan egiteko erritmoak handitu direla ere ikusten dugu, eta hau, esandako lehen bi puntuekin lotuta, gure lantegiak seguruak ez izatera eramaten gaitu. Beraz, hiru puntu hauetan gogor lan egin behar dugu eta enpresak gustuko izan ala ez, gauza hauek lehen bai lehen konpondu beharko ditu ezbehar gehiago ez izateko.
Hau esanda, eta Herriko plazan irakurri genuen bezala, erakunde publikoei ere autokritika egiteko eskatzen diegu. Askotan egoera irregularrak salatzen ditugu eta isun ekonomikoa jarri eta gero, dena ahazten dute. Beraz, salatzen diren gauzei jarraipen bat egiteko deia egin diegu hemendik erakunde publikoei.
CCOO:
Gure proposamenek jasotzen dituzten erantzunen arabera erabakiko dugu zein urrats eman.
Momentuz ez dago sindikatu guztion konpromisorik akordioa izateko eta enpresari proposamenak egiteko.
Sindikatu independentea
Zuzendaritzak duen bezeroekiko exijentzia maila berdina izatea langileongan eta gure segurtasuna bermatzea eskatzen dugu, beraien bezerorik inportanteena baigara.
Lehenengo neurria, enpresak duen estrategia industrialarekin bat ez egiteko asmoz, aparteko orduak ez egitea eskatu diogu plantilla osoari, eta sindikatuek hainbat irtenbide proposatu ditugu enpresaren segurtasun politikan aldaketak exijituta.
LAB:
Tamalez, oporraldia gertu egoteak gure kontra jokatzen duela esan behar dugu. Nahiz eta oso gertakari larria izan, jendeari ahaztuko zaio egunak aurrera doazen heinean. Tristea da baina errealitate hutsa ere bai. Proposatu genuen lehenengo neurria, aparteko ordurik ez egitea izan zen. Presio produktiboa dela eta, gaur egun 1.000 ordutik gora sartzen dira hilean Laudion, adibidez.
Bitartean, debatea zabaldu dugu gai zehatzen zerrenda osatzeko. Ondoren, zuzendaritzari negoziazio prozesu bat zabaltzea proposatuko dugu aldarrikapenak aurrera eramateko.
Galdera bakarra dago enpresako zuzendariei egiteko: zuek ezarritako baldintzei buelta emateko gai zarete? Zaila badirudi ere, erantzunean dago gakoa.
USO:
Langile batzordean baloratzen ari gara neurriak, istripuak sor ditzaketen arriskuak ekiditeko. Neurri jakinak aurkeztuko dizkiogu zuzendaritzari.
Gure neurriak aurkeztu ondoren, ikusiko dugu zer egiten duen zuzendaritzak, eta horren arabera erabakiak hartuko ditugu.
Aldatu da zerbait lantegian istripuaren ondoren?
ELA:
Momentuz egoera ez da bat ere aldatu. Zuzendaritza ez da gurekin bildu eta espero dugu prebentzio bileran agertzea.
STAT:
Ezin dugu esan aldaketa handirik egon denik, baina horrelako istripu bat beti kolpe handia da eta kontu gehiagorekin ibiltzera eramaten zaitu. Enpresak oraindik ez du aldaketarik egin, hori behartzeko egin beharko dugu lana guk.
CCOO:
Nabaritzen ditugu aldaketak langileen aldetik, kontzienteago baitira babesteko neurriak hartu behar dituztela. Enpresaren aldetik ez dugu mugimendurik sumatu. Zerbait egiteko asmoa badute, guri ez digute esan.
Sindikatu independentea:
Goiz da balorazio bat egiteko oraindik, baina egia da, gaur egun ez dira aldaketak nabaritzen. Aldaketarik handiena, zoritxarrez, lankide bat betirako galdu egin dugula da.
LAB:
Enpresako zuzendaritza itsua, mutua eta gorra dela dirudi, oraindik ez da gurekin bildu eta. Lehengo baldintza kaxkarrek hor jarraitzen dute, istripu gehiago egon baitira Ibai hil zen egunetik hona eta horrek ondorioak ekarriko ditu. Sindikatu batzordeak, langilegoari euren eskubideak balioan jartzea eta zuzendaritzak daraman bide honi planto egitea eskatu dio.
USO:
Bai, zalantzarik gabe. Guztiok gaude oso sentiberak egoera arrikutsuen aurrean. Abisu gehiago jasotzen ari gara arrisku handiko egoerei buruz.
Nolakoa da giroa langileen artean orain?
ELA:
Langileentzat momentu gogorrak dira, baina zuzendaritzaren bidea aldatzeko pausuak emateko prest daude.
STAT:
Denok gaude lur jota, azkenean, Ibai pertsona gazte bat zen, bizitza osoa zeukan aurretik eta horrek, ahal bada, tristura handigoa eragin du lankideen artean. Esan dezakegu aste hauetan lanean egon garela, baina lan giroa bitxia izan dela.
Hori alde batetik, baina bestetik, langileen ordezkari lanak egiten dugunon artean ere (STAT taldekideen artean ziurtatu dezaket) badago presio hori, egoera honi buelta emateko txanda heldu baita. Ezin diegu langileei huts egin eta gure lantegiak lankide guztiontzat seguruak eta atseginak izatea lortu behar dugu.
CCOO:
Langileak hunkituta daude eta animoa nabarmen jaitsi da. Halaber, adierazi digute konponbideak bilatu behar direla.
Sindikatu independentea:
Giroa apur bat zapuztuta dago. Zorigaiztoko gertaera honen ondorioz, plantilla osoa non egiten dugun lan jakitun izatea edota zer nolako arriskuak ditugun egunero lanpostuetan barneratzea espero dugu, eta honen ondorioz lankide guztion artean Tubacexeko zuzendaritzari behartzea gure bizitza serio hartzera.
LAB:
Ez da asko aldatu, Ibairen heriotza oso gertu dago. Agerian geratu da langileen desadostasuna zuzendaritzarekiko eta beraien politikekin, baina hori aurretik ere bazegoen eta hori izan zen, adibidez, lan hitzarmenaren negoziazioan egondako gatazketako bat.
USO:
Beharra ikusten da enpresaren norabidea aldatzeko eta prebentzioa indartzeko. Guztion artean lortu behar dugu enpresa ziurragoa eta arduratsua izatea langile guztientzat. Ezin dugu onartu istripu larri bat gehiago. Taldean lan egiten dugun guztiok daukagu eskumena abisua emateko egoera batek arriskua edo istripua sortzeko aukera badauka. Eta jakina, enpresak zuzendu dezan berehala, horregatik uste dugu beharra dagoela prebentzioa aldatzeko.