Kuxinak taldeko kideak izango zarete aurtengo txupineroak. Nola hartu duzue hautaketa?
Duela sei-zazpi urte hasi zen txupineroa hautatzeko gaur egun erabiltzen den prozedura. Zozketa egin genuen talde guztien artean eta zerrenda bat osatu zen. Kuadrillak ezagutzera ematea da txupineroaren funtzioa, bestela jendeak ez dituelako taldeak ezagutzen eta ez daki zer egiten duten. Beno, hori eta pregoilariei ekitaldi publikoetara joaten laguntzea, bi ekitaldi aldi berean badaude pregoilariak ezin duelako bietara joan.
Gu azkenetarikoak ginen zerrenda horretan, baina paper hori galdu egin zen. Azken urteetan Jaiak Koordinakundearen bileretan erabaki izan da zein izango zen urte horretako txupineroa. Guri aurten egokitu zaigu iaz antolatu genuelako Kuadrillen bazkaria azkeneko aldiz. Erretiro moduan hartu dugu, beraz (barreak).
Kuadrillen eguneko indaba jana antolatzeagatik da ezaguna zuen taldea. Nola hasi zineten?
Duela hogei urte baino gehiago sortu genuen taldea. Gure egiteko nagusia bazkari hori prestatzea izan da, baina kuadrillako kide batzuk ere Jaiak Koordinakundea kudeatzen aritu dira.
Hasiera batean ekintzetan parte hartzera mugatzen ginen. Baina ikusten genuen guk ere zer edo zer antolatu behar genuela. Kasualitatea izan zen dena. Bi urtean ez zen kuadrillen bazkaririk egin. Ñorrala taldeak bokata jana egin zuen horren ordez. Orduan guk pentsatu genuen zerbait egin behar zela bazkaria berreskuratzeko.
Zuriñerekin bildu ginen orduan. Sukaldari profesionala da bera, eta prozedura irakatsi zigun 500 pertsona baino gehiagorentzako otordua prestatzeko. Idatziz jaso genituen argibide guztiak. Modu horretan sortu genuen gaur egungo lagun arteko “biblia” dena.
Bazkaria egiten hasi ginenean konturatu ginen koadrilak batzeko beharra zegoela, bakoitzak ekintzak bere kabuz egiten zituelako. Ez geunden batere koordinatuak. Horrela sortu zen Jaiak Koordinakundea hainbat talderen artean. Batzen hasi ginen, guztion artean gauzak antolatzen, eragile berriak sortzen... 2005etik aurrera izan zen hori. Ordutik hona bazkaria egiten aritu gara.
Prozesua profesionalizatu egin dugu. Laguntzaile asko izan ditugu. Hasieran, Zainzuriak-eko kideak egon ziren. Malapartatuak taldekoak etorri ziren gero, eta azkenean hainbat kuadrilletako 20 pertsonen artean sortu genuen iaz arte egon den lantaldea. Erabat profesionalizatu gara, erabat optimizatua dago prozesua.
Jaietako ikur bihurtu da bazkari hori. Nola lortu duzue?
Eboluzio handia izan du. 300 pertsonentzako bazkaria egiten hasi ginen eta 700 herritarrentzako prestatzera iritsi gara! Baina nahiko zaila izan da. Urtero izan dugu udaletxearen traba, diru laguntza dela eta. Lehenengo urtean ez ziguten eskatu genuen diru kopurua eman, aurretik egiten zen "bokatadari" ematen zitzaiona baizik. Diru hori genuela ikusita, lehen aipatu dugun sukaldari profesionalari eskatu genion laguntza, prestaketa nola optimizatu ahal genuen jakiteko. Lagun bat genuen biltegi handi batean lanean eta osagaiak merkeago lortu ahal izan zizkigun. Ordutik etengabekoa izan da diru laguntzaren traba. Iazko bazkariko laguntza martxoan kobratu genuen. Dirua gure poltsikotik jarri behar izan dugu, eta hori oso gogorra da.
Bazkaria egiteari utzita, etapa berri batean sartuko zarete Kuxinakeko kideak, ez?
Berrogei urte ditugu jada, eta gehienok familia daukagu. Horrek asko mugatzen du hartu ditzakegun ardura kopurua. Ezin dugu nahiko genukeen bezainbeste egin. Agian hemendik hogei urtera, gure umeek 18 urte dituztenean -edo pixka bat lehenago- berriz abian jarriko gara.
Aurtengoa urte sabatiko moduan hartuko dugu, zer egiteko gai garen ikusteko. Hausnarketa bat egingo dugu gure burua birkokatzeko. Presentzia behintzat eskaini ahalko dugu jaietan, eta zer edo zer gehiago ere bai.
Aurten kuadrilla berriak sartu dira Jaiak Koordinakundean, ikusteke dago zer nolako bilakaera izango duten. 80ko hamarkadan jaien gorakada eman zen seguru asko, gainbehera etorri zen gero, 90ko hamarkada amaierako igoera iritsi zen arte. Jaiak Koordinakundearen sorrera izan zen inflexio puntua. Eta gero, berriz behera joan da giroa, baina orain badirudi gorantz joko duela berriz. Dena dela, ez da zertan prozesua errepikatu behar. Gaur egungo gazteen beharrak ez dute zertan garai batekoenak bezalakoak izan behar. Gustuak ere aldatu dira, bilakaera bat eman da eta emango da. Ikusiko dugu, guk kañak hartuko ditugu bitartean.
Elkarrizketa amaitu baino lehen beste gauza bat esan nahiko genuke: uste dugu balkoian pregoilariak eta txupineroak baino ez dutela egon behar. Politikariak eta lagunak udaletxe barruan egon behar dira. Hori da gure kuadrillak betidanik eskatu duena. Politikariak balkoitik at egon behar dira txupinazoan.