Zer dela eta erabaki duzue kuadrilla berria osatzea?
Laura Castaños: Guk berez bageneukan koadrila osatuta.
Yaiza Gonzalez: Baina iaz jaietako ekintzetan gehiago parte hartu genuen eta gustatu zitzaigun. Horregatik, gure partetik zerbait emateko grina sortu zen, eta hemen gaude.
30 pertsona inguru zaudete taldean. Nola bildu zarete?
Castaños: Lau kuadrilatako kideak gara eta jaietan elkarrekin ateratzeko ohitura daukagu.
Lau kuadrilletakoak izanda, nola antolatzen zarete?
Castaños: Kuadrilla bakoitzetik bozeramaile bat izaten saiatzen gara, baina batzuetan ezinezkoa da. Batzuk ikasten daude, beste batzuk lanean...
“Azkenak” izena jarri diozue kuadrillari, zer dela eta?
Leire Sanchez: Polemika handia izan dugu izenarekin gure artea, ez ginen ados jartzen. Bi izen genituen eta azkenean beste bat aukeratu dugu. "Azkenak" deitzen gara “azken kuadrilla” garelako eta azkenak garelako beti etxera bueltatzerako orduan ere.
Jaiak Koordinakundean sartu diren azkenak zarete. Aspaldi ez dela eragile horretan talde berririk sartzen. Zergatik dela uste duzue?
Sanchez: Jaiak iristen direnean gozatzera mugatzen gara sarritan. Ez zara pentsatzen jartzen ea nork eta zergatik antolatzen dituen ekintzak eta zer gertatuko litzatekeen ekintzak antolatzeari utziko baliokete.
Gonzalez: Oso erosoa da ekintzetara ikusle moduan soilik joatea. Ekintzak antolatzen dira eta zuk bertan parte hartzen duzu, eta dena da oso polita eta dibertigarria. Baina kuadrilletako kide asko nagusitzen ari dira, eta eurek antolatzen ez badituzte, nork antolatuko ditu?
Zuek nola parte hartuko duzue aurtengo jaietan?
Sanchez: Bi ekintza egingo ditugu. Txoripanak banatzea izango da horietako bat (barreak). Bestea, Kulero eta Galtzontzillo lasterketa.
Gonzalez: Berrikuntzak sartuko ditugu proba horretan, ikusgarriagoa izan dadin. Azken urteetan hiru buelta eman zaizkio ibilbideari erakustaldi moduan eta amaierako esprinta zegoen gero. Hainbat jolas eta jarduera egingo ditugu hasierako hiru itzuli horietan, dibertigarriagoak izan daitezen.
Zer da, zuen ustez, Laudioko jaiei falta zaiena?
Gonzalez: Parte hartze gehiago behar da. Batzuetan ekintzak apur bat pobre geratzen dira, jendea ikustera soilik bertaratzen delako.
Prest dituzue logoa eta jantzia?
Gonzalez: Gure izenari erreferentzia egiten dion logo bat izango dugu. Pegatinak egingo ditugu guretzat jaien erakusgarriak diren hainbat irudirekin, eta logoa jarriko dugu guztien gainean. Jantzia, aldiz, hori kolorekoa izango da: Gona loreduna eta amantal horia.
Castaños: Oihala Laudio eta Amurrion erosten saiatu ginen lehenbizi. Baina 30 pertsona garenez metro asko behar genituen. Horregatik, Bilbora joan ginen hamar oihal eredurekin. Horietako bizpahiru hautatu genituen, baina horietako bakarra lortu ahal izan genuen behar genuen kopuruan. Mutilen kasuan, jantzia beltza izango da, gerrikoa horia eta zapia loreduna.