EH Bilduk agerraldia egin du udal hiltegiaren itxiera salatzeko. “Gogoratu nahi diogu udal gobernuari aurreko legealdietan isurketen arazoei aurre egin geniela, ez dezala EAJk aitzakiatzat jarri oroimen falta guri demagogia egiten dugula leporatzeko”, azaldu du Lamia Arcas bozeramaileak. 2012an 161.000 euroko obra egin zutela azpimarratu du zinegotziak, eta hurrengo urteetan obra eta mantenu lanak egin izan direla. EAJ eta PSE-EEren gobernuak “aldebakarreko erabakia hartzea” kritikatu du koalizio abertzaleak: “hori egin dute gainontzeko taldeekin bildu eta egoera baloratu ordez”.
Zentzu horretan, 2012tik 2016ra eginiko bidea azaldu dute: “2013an 31.200€ inbertitu ziren, 2014an 18.100€, 2015ean 13.600€ eta 2016an 31.000€. Egun, 140.000 euroko partida bat dago onartuta”. Arcasen esanetan, “erabaki drastikoaren” jatorria 2018ko abenduaren 10ean dago; URAk Laudioko Udalari zigor espedientea ireki zioenean, ibaian isurketa gorria agertu ondoren. Udalak orduan 3.811 euroko zigorra hartu zuen bere gain, zehaztu dutenez.
Egoera horiek ekiditeko, otsailaren 20an -EH Bildu gobernuan zela- tratamendu eta isurketa azpiegiturak hobetzeko proiektua erredaktatzeko kontratazioa abiatu zuten: “Proiektuak 2 soluzio ditu, bi epetan garatzekoak. Lehenbizikoa 4-6 asteren buruan egin ahalko litzatekeen odola biltzeko ontziaren instalazioa da (15.000€), eta bigarrena odola tratatzeko araztegi baten instalazioa, 3-4 hilabeteko lana suposatuko lukeena. Batean zein bestean hiltegiaren itxiera ez zen aurreikusten”. Hori dela eta, arduragabekeriatzat jo dute udalaren jarrera, “ondorio pertsonal eta materialak ez aurreikusi eta saihesteagatik”. Ildo beretik, ingurumenarekiko eta elikadura burujabetzarekiko konpromisoa berretsi du koalizioak.
Uztaileko udalbatzan onartu zen hiltegia konpontzeko partida, 180.000 eurokoa hain zuzen. Ander Añibarro alkateak ostiralean kontatu zuenez, tokiko gobernu batzordean landu zuten gaia talde politikoekin, eta kaltetuekin zein enpresarekin harremanetan dago udala.