Bola bezain sendoa eta borobila izan da Ruperto Urkijo Klubaren pregoia

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abu. 14a, 20:32

Ruperto Urkijo Bola Klubeko historia eta etorkizuna izan ditu ardatz 2019ko jaietako pregoiak. 

Laudioko Ruperto Urkijo Bola Klubak bola bezain pregoi borobil eta sendoa irakurri du, festei hasiera emateko. 19:00etan izan da ekitaldia Herriko plazan. "Gure bizitzetan markatua geratuko da gaurko eguna, jaiei hasiera emateko pribilegioa dugulako, Ruperto Urkijok esaten zuen legez, irrikaz espero genituen sanrokeei hasiera emateko pribilegioa", esanez hasi dute hitzartzea.

1980. urtean sortu zen Kluba eta Laudioko 4 bolatokiak kudeatzen dituzte: San Rokeko biak (1986an inauguratuak), Gardeakoa (aurten 25 urte bete dituena) eta San Joan Astobitzakoa. "Ruperto Urkijo kluba Laudioko bola-jokoaren erreferentea da antolatzen dituen ekitaldi kopuruagatik, eta hamarkadak daramatza kirol hau berreskuratzen saiatzen eta, aldi berean, sustatzen eta birsortzen", azpimarratu dute. Zentzu horretan, nabarmendu dute XIX. mendera arte Aiarako bola-jokoa zela inguruko kirol guztien artean garrantzitsuena, "gainbehera hasi zen arte".

Historiari errepasoa
Iragana eta etorkizuna izan dituzte hizpide ekitaldian. 60ko hamarkadan Arloteak taldeko gazteek bola-txapelketak berreskuratu zituztela ekarri dute gogora, besteak beste: "1966an bolatoki bakarra zegoen herrian, Altzarratekoa -Villosakoa- eta han ospatu zen eskualdeko lehen txapelketa, orain San Rokeko udal bolatokietan ospatzen dena". 70eko hamarkadan, berriz, Landaluzeko Isusi eta Gastaka bolatokietan berpiztu zen kirola, "haiei esker piztu zen gaur egun Aiaran dugun zaletasuna, baita inguruko herrietan dauden klubak ere. Horrela sortu zen Ruperto Urkijo Bolatoki Kluba 1980an".

Bazkide eta kide bereziak gogoan
50 bazkide inguru ditu egun elkarteak. Guzti horiei eskaini diete pregoia, baina aipamen berezia egin diete Arloteei eta Joseba Andoni Ibarrola, Eugenio Arbaizagoitia eta Juan Antonio Gayari. Hain zuzen, Gayari eman diote aginte makila eta pregoilariaren zapia. Horrez gain, APDEMAko Juan José Cerrillo, Luis Marañon bola epailea eta zenbait jokalari aipatu dituzte: Faustino Larrazabal, Mauricio Fernandez de Pinedo eta Euskadiko txapeldun izan diren Fabriciano Gutierrez, Fernando Veiga, Antonio Solaun eta Oskar Larrazabal, besteak beste. Horrez gain, Juan Antonio Barbara omendu dute, taldearen armarriaren egilea izan baitzen.

"Egia da bolatokia ez dagoela egoera onean, batez besteko jokalarien adina handia dela, eta ia ez dagoela harrobirik. Hala ere, uste dugu funtsezkoa dela nabarmentzea klubaren etorkizuna", ohartarazi dute. Hargatik, ilusio eta gogoz aurrera jarraituko dutela adierazi dute. San Roke jaietako pregoilari gisa, aldiz, gozatzeko mezua zabaldu dute, "armonian, askatasunean eta poztasunez". Arloteek abestu dute jarraian, ekitaldiari amaiera emateko.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide