Jaiak Koordinakundeak Sugarrak saskibaloi taldearen ekintza bat "egitarautik kanpo" kokatu du, Mugimendu Feministak talde horren eraso matxistak salatu dituelako. Jaien eragileak adierazi du Sugarrak saskibaloi taldeak abuztuaren 17an antolatuko duen ekintza "egitarautik kanpo" egingo duela, Mugimendu Feministak jasotako salaketan oinarrituta: "Jaiak koordinakundeak ez du gaur egun inolako loturarik antolatuko den ekintzarekin".
Saskibaloi taldeko neskek jasandako mehatxu eta gutxiespenak azaleratu dituzte Laudioko Mugimendu Feministak zabaldutako oharrean. "Neska hauek, banaka ez ezik, talde gisa ere jasan dituzte zapalkuntzak klubeko zuzendaritza edo botere guneetan dauden gizonen partetik", salatu du Mugimendu Feministak.
Kontatu dutenez, zeharo ezberdinak dira kategoria bereko neska zein mutilen taldeetako baliabide zein aukerak: "Ez dira beharrezko materialak bermatzen, baloiak kasu".
Entrenamenduen iraupenean ere ikus liteke berdintasun eza, adierazi dutenez: "Kategoria bereko emakumeen entrenamenduek gizonezkoenak baino ordu laurden gutxiago irauten dute".
Horrez gain, entrenatzaileen gidaliburuak "maskulinoan idatzita" daudela azpimarratu dute, "nahiz eta horien artean emakumezkoak ere egon".
Hala, klubeko arduradunekin izandako tirabiren berri eman dute: "Gure gorputz eta beharrak errespetatu gabe, gizonezkoen neurrira eginiko kirol jantziak erabili behar ez izateko bestelako arropa erosteko aukera planteatu arren, arduradunek ukatu egin zieten. Egoera horien aurrean sugarrak klubeko emakumeen artean bilera egitea erabaki zuten, eta klubaren erantzuna -nahiz eta bilkura onartu- taldeko batzuei espedientea ireki ziezaieketela ohartaraztea izan zen, estatutuen kontra zihoala argudiatuta. Geroztik, emakume horiek intimidazioak, burlak eta zigorrak jaso dituzte euren eskubideak defendatzeagatik. Klubak ez die utzi liga bukatzen, txapelketatik kanporatu dituzte, eta datorren urtean ezingo dute bertan jokatu".
Laudioko Mugimendu Feministak oharrean azaldu duenez, gertaerak "eraso eta jarrera matxisten adibide garbiak dira".
"Beste behin ere bigarren maila batean kokatu gaituzte emakumeak, erabakiguneetatik eta erdigunetik kanpo". Horregatik dei egin diete herriko norbanako zein eragileei gertaeren inguruan gogoeta egin eta aurre egitera: "Zapalkuntza matxistak bukatzeko garrantzitsua iruditzen zaigu datozen belaunaldiei kirolean zein bestelako jardueretan transmititzen zaizkien baloreei erreparatzea. Izan ere, kirolean -hezkuntza, kultura zein jendartean bezala, oro har- erreferente eta balore feministak areagotu behar dira joera eta jarrera matxistarik gabeko herrian bizi nahi badugu".
Elkarretaratzea
Horregatik guztiagatik, abuztuaren 17an 17:30ean elkarretaratzea deitu du Mugimendu Feministak Laudioko institutu aurrean "Erasorik ez, erantzunik gabe! Autodefentsa feminista" lemapean.
Sugarraken adierazpena
Sugarrak taldeko zuzendariak ukatu eta gezurtatu egin ditu gertaerak: "Inoiz ez dugu generoarekin zerikusia duen diskriminaziorik izan klubean, ezta eraso matxistarik ere".
Zentzu horretan, erantsi du, emakumeen parte hartzea eta ikusgarritasunaren alde egin dutela beti lan: "horregatik ditugu hainbeste neska talde".
"Eraso baten berri izango bagenu, gu ginatekeen lehenbizikoak hori argitzeko interesa azaltzen. Hobekien egiten dakigunarekin erantzungo dugu, saskibaloian jokatzeko aukerak eskaintzen denei, bai neska eta baita mutilei".