Udal hiltegiaren behin-behineko itxiera izan da abuztuko Udal Osoko Bilkurako gai nagusia

Izar Mendiguren Cosgaya 2019ko abu. 27a, 11:57

Abeltzain eta bizilagun ugari bertaratu ziren plenora. / Aiaraldea.eus

Abeltzainek eta Laudioko talde politikoek udal hiltegiaren behin-behineko itxiera eta ondorioak azaldu zituzten atzoko udalbatzan. Gai berari buruzko bi mozio egon ziren, EH Bilduk aurkeztutakoa batetik eta gainontzeko talde politikoen artean adostutakoa bestetik. 

Atzo arratsaldean izan zen Laudioko abuztuko Udal Osoko Bilkura. Eztabaida mamitsuena udal hiltegiaren behin-behineko itxierarena izan zen. Abeltzain ugari bertaratu zen udalbatzara. Hiltegiko kudeatzaileak hartu zuen hitza, itxieraren gabeziak eta ondorioak azaleratzeko. EH Bilduk aurkeztutako mozioan, koalizio abertzaleak ez beste talde politikoek aurka bozkatu zuten. Gauzak hala, gainontzeko taldeen artean adostutako mozio alternatiboa atera zen aurrera, EH Bilduren abstentzioarekin. 

"URAk isurketa etetea eskatu du, ez hiltegiaren jarduera ixtea", argudiatu zuen mozioaren aurkezpenean EH Bilduk. Koalizioaren aburuz, aste gutxiren bueltan martxan egon liteke hiltegia, borondatea balego: "Udalaren erabaki oro da politikoa. Guk lan mahai bat eskatzen dugu, baina ez digute ez eman ahots ez boto aukerarik. Gobernatzeko edo negoziatzeko gaitasun eza dago agerian. Sei astetan dena egon daiteke martxan, abeltzainek lanean jarrai dezakete, eta guk sanoki jaten. Hiltegia errentagarri den edo ez beste kontu bat da".  

PSEk aferarekin "demagogia egitea" leporatu zion EH Bilduri: "Beraiek egon dira gobernatzen duela 8 urtetik, eta ez dute isurketen araudirik osatu iaz arte. Zertara dator orain horrenbesteko urgentzia? Hiltegia udalarena da, eta ondorioz, gu gara erantzule nagusiak. Legearekin ezin da negoziatu". Gobernu taldeko ordezkari gisa, errekerimenduak errespetatzen ari direla erantsi zuten sozialistek: "Itxiera ez da gozoa izan, derrigortua baizik. Gure apustua zabalik egotea da, eta udalaren esku. Orain arte ez zaiolako beharrezko garrantziarik eman gertatu da hau".

Omniak, berriz, Eusko Jaurlaritza eta Bizkaiko zein Arabako Diputazioari konpromisoak hartzeko eskatu zuen. "Denok batera -talde politikoak eta abeltzainak- joan beharko ginateke instituzioetara, horrela indar gehiago izango dugu". Zabaltzeko gauzatu beharreko lanen harira, euren inplikazioa beharrezkotzat jo zuen eragileak: "Ez da zilegia hiltegiko inbertsio guztia Laudiok hartzea bere gain azpiegitura horren erabiltzaileek %2a soilik denean Laudiokoa".

EAJk, aldiz, bere konpromisoa berretsi zuen: "ez ixtea". Zentzu horretan, irtenbide onena nahi dutela erantsi zuten, "ez azkarrena eta merkeena". Jeltzaleen ustez, irekitzeko baldintzak dira arazoa: "Ez bagenu behin-behinean jarduera etengo ingurumen delitua izango litzateke, eta horren ondorioak larriak lirateke laudiarrentzat". EAJren esanetan, eraikina ez dago prest hiltegi zerbitzua eskaintzeko: "Horrek ez du esan nahi berria egingo dugunik. Abeltzainen egoerak kezkatzen gaitu, baina 18.000 laudiarrenak ere bai; eta horrek denbora eskatzen du". Ander Larrinaga zinegotziak azaldu zuenez, gaur arte hiltegiko langileekin, abeltzainekin eta URAkoekin elkartu dira, baita Eusko Jaurlaritza eta Diputazioarekin ere. Hargatik, konponbidea lehenbailehen topatzeko nahia erantsi zuen: “Instituzioekin egindako inbertsioak bideragarriak izateko aukerak aztertzen ari gara, eta egindako azterketak berrikusten. Hiltegia lehenbailehen irekitzeko soluzioaren bila gabiltzala argi geratu behar da”. Hala, etorkizunean hiltegia zabalik egoteko talde politikoei ekarpenak egiteko gonbita luzatu zieten jeltzaleek, “modu eraikitzailean” beti ere.

Hiltegiko langileen hitzartzea
Miguel Angel Garcia Diego Trueba hiltegiko kudeatzaileak hartu zuen hitza segidan. "Behin-behineko itxiera arazo handia da denontzat, inguruko harakinentzat eta kanpokoentzat”, azpimarratu zuen. Laudioko hiltegiak 52 urte ditu, eta eskualdeko zein inguruetako haragien irudi ona eraiki du, haren iritziz. “Erabiltzaileen datua laudiarren %2 dela dio, baina 17 tona haragi kontsumitzen dutenak herrikoak ere badira; beraz, zeharkako erabiltzaileak. 1.000 laudiarretik gora dira gure okela jaten dutenak”. Hori dela eta, hitz egiteko eta kolaboraziorako garaia dela nabarmendu zuen: “Hiltegian 11 langile gaude langabezian orain, baina kopuru horri harakin eta abeltzainak gehitu behar zaizkio. Bilerak jadanik egin behar dira, etorkizuneko soluzioak itxaron gabe”.

Azpiegituraren gabeziei helduz, hezetasun eta bestelako kontuak Osasun Sailak aurrez aipatu izan dizkietela ekarri zuen gogora. Zentzu horretan, zerbitzu kontratatu modura, hobekuntza ugari egin dituela enpresak kontatu zuen, hozkailuetan kasu: “Hezetasun eta bestelako kontuengatik bagenekien zenbait gauza eskatuko zizkigutela, teilatua eta karrilak, besteak beste. Kontrata gisa gure konpromisoa berresten dugu gure gain hartzeko. Ingeniaritzak inspekzioa egin du jada. Odol isurketaren bilketa sistema aldatuta legedia beteko luke”. Horrez gain, bilkurara bertaratutako abeltzainen eta herritarren babesa eskertu zuen: “Laudiok hemengo okela mantentzea eta ingurukoen esplotazioak ez desagertzea defendatu behar du, abereak kanpoan hil behar izanez gero, errepideko gastuengatik negozioak itxiko dituztelako". Europako araudia betetzeko box-a, hormak eta arraileria aldatzea aski litzake, kidearen esanetan. Hori dela eta, udal taldeei eurekin kontatzea espero dutela jakinarazi zieten atzoko bilkuran. 

Uholdeen elkartasun mozioa
Bestalde, atzo bete ziren 36 urte Laudioko uholdeak gertatu zirenetik. Hori dela eta, EH Bilduk Tafalla inguruko uholdeen kaltetuei elkartasuna adierazteko mozioa aurkeztu zuen: “Herria nola geratu zen gogoratzen dugu. Egunotan sekulako lana zegoen kalean. Elkartasun handia egon zen herritar zein kanpokoen aldetik, baita auzolana ere”. Laguntzera etorri zirenetako asko nafarrak izan zirela-eta, mozioa sartzea erabaki zuen koalizio abertzaleak, ondorengo helburuekin: Tafallan hildakoaren senitartekoei elkartasuna adieraztea, Laudioko Udalak laguntzeko bidea aztertzea, Zuin udal aldizkarian herri kaltetuak laguntzeko kontu korronteak iragartzea herritarrek babes ekonomikoa helarazteko, eta akordioa udal bitartekoetan agertzea. PSEk Laudiok jasotako laguntza eskertu beharrekoa dela azpimarratu zuen, “erakunde orotarikoak inplikatu ziren, baita polizia ere”. Egun sinbolikoa zela atzokoa iritzita, sozialistek begi onez ikusi zuten elkartasuna adieraztea, “baina 36 urte hauetan urtero egon dira uholdeak. Nafarrei elkartasun adierazten diegu, baina instituzio honi ez dagokio horri erantzutea. Akordio edo planteamendu honek Andaluzia edo edonongo kalteei erantzuteko balio beharko luke, muga gabe”.

Horrez gain, larrialdi izaera izateko mozioa bi hilabete berandu iritsi dela erantsi dute sozialistek: “Mozio politikoa da. Nora bideratuko da dirua? Zeintzuk izango dira lehentasun edo irizpideak?”. Omniak ere antzeko iritzia agertu zuen, irizpideak argitzeko beharra nabarmenduta: “Laguntzak modu objektibo batean banatu behar dira justizia soziala egiteko”. EAJk, aldiz, Batzordean landutakoa gogorarazi zuen: “Garbiketetan laguntzeko baliabideak bidaltzea aztertu genuen, protokolo bat eratzea barne, etorkizunean horrelako egoerei bide emateko”. Helburuekin ados egonda ere, laguntza nola bideratu argi ez zutela-eta, abstentziora jo zuten EH Bildu ez beste hautetsi instituzionalek (EAJk, PSEk eta Omniak).

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide