Laudioko jaietan egon zarete. Zer nolako esperientzia izan da?
Richard Nyman: Izugarria izan da. Kultura talka izan dugu, hemengo kultura oso ezberdina delako gurearekiko, baina zoragarria izan da.
Zergatik?
R.N: Euskaldunek parranda gehiago egiten duzuela iruditzen zait. Badakit jaietan etorri garela eta urtean zehar agian ez dela horrenbesterako. Edariarekiko duzuen harremanak ere harritu nau. Suedian alkoholarekiko dagoen harremanak puntu negatibo gehiago ditu positiboak baino, eta hemen aurkakoa gertatzen dela uste dut. Dibertitzeko baliatzen da, eta gustuko izan dut hori.
Hainbat ekintzetan parte hartu duzue. Zeinekin geratzen zarete?
Rebekka Gehrmann: Ekintza guztiak, orohar, oso ondo egon direla uste dut, Alemanian ez dugu pareko ezer. Hemen oso komunitate bateratua duzue herrian. Hiri oso handi batekoa naiz ni, eta inoiz ez dut horrelakorik bizi izan. Alemaniako herri txikietan ere badago horrelako komunitate sentsazioa, baina hiri handietan ez dakizu ezta zure auzokideak nola deitzen diren ere.
R.N: Munduan inon ez dugu ikusi hemen dagoen ekintza tradizional kopurua: dantzak... eta janaria, batez ere! Eta dena batera egiten duzue, gainera. Suediako kulturan ez dugu horrenbeste ekintza tradizionalik, udako jaia eta urteberriko festa dira gure jairik handienak.
Hemengo janaria bitxia egin zaizue?
R.N: Suediako eta hemengo jaialdiak antzekoak dira, baina janaria da ezberdintasuna markatzen duena. Jaki ezberdinak dituzue.
Hizkuntzaren aldetik, zer moduz moldatu zarete?
R.G: Apur bat zaila izan da. Ni gaztelera ikasten hasi nintzen baina hitz bakan batzuk baino ez dakizkit. Hemengo jende askok ez du ingelesa menperatzen. Benetan zaila izan zaigu komunikatzea kasu batzuetan. Baina jaietan izan dugun kuadrillan jende guztiak zekien komunikatzeko haina ingeles, eta hori oso ondo egon da. Oso harrera ona egin digute herrian. Alemanian ez dago lagun-taldeetan atzerritarrak familiakoak izango balira bezala hartzeko ohiturarik.
R.N: Bai, zoragarria izan da hori.