Elkarte eta eragileekin biltzearen faltan, jaien behin-behineko balorazio positiboa egin du Laudioko Udalak. "Jaietako eragile, kuadrilla eta bestelako elkarteei eskerrak eman nahi dizkiegu festak posible bilakatzeagatik", adierazi du Ander Añibarro Maestre alkateak. Horrez gain, garbiketa eta mantenuko udal langileen lana zein udaltzaingoarena goraipatu ditu. Eraso matxistarik salatu ez dela eta, pozik azaldu da alkatea: "Ez da sexu erasorik egon, gure jaietan ez zuten kabidarik, baina ezin gara erlaxatu, borrokan jarraitu behar dugu".
Zumalakarregi etorbidea trafikoarentzat zabalik egon da aurten, eta positiboki baloratu du gobernu taldeak aldaketa, "nahiz eta APILLekin zein jai eragileekin oraindik ez garen bildu balorazioa osatzeko". Festa eremuek harrera ona izan dute, Añibarroren iritziz: "Alberto Acero plaza oso ondo dago, baina tenperatura altuetarako ez da egokia. Hurrengo urterako itzalen sistema bat jarriko dugu".
Herriko plazako kontzertuek, berriz, arrakasta handia izan dutelakoan daude: "Hainbat adinentzako emanaldiak antolatu dira. Cafe Quijano, Huntza eta Nogen taldeen kontzertuetan gainezka egon zen plaza. Edadetuak kexatu egin dira, baina musikan egindako inbertsioa positiboa izan da". Aldai plazari dagokionez, Txosnaguneak, gastronomia lehiaketak eta Baserritar eguneko azoka izan dira bertan, "espazio partekatua izan da". Hurrengo urteko antolaketari buruz galdetuta, Jai Batzordea hobetzeko asmoa agertu du gobernuburuak.