Laudioko Udalak eta Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu dute hiltegiko obrak finantzatzeko

Aitor Aspuru Saez 2019ko ira. 10a, 12:30

Udal hiltegia itxita dago abuztuaren hasieratik. / Aiaraldea.eus

Ander Añibarro alkateak adierazi du Eusko Jaurlaritzak ekarpen garrantzitsua egingo duela hiltegia berriro irekitzeko beharrezkoak diren lanen finantzazioan.

Ander Añibarro Laudioko alkateak jakinarazi du Udala Eusko Jaurlaritzarekin ados jarri dela erakunde horrek obren finantzazioaren zati handi bat bere gain har dezan. "Isurketak ekiditeko lanek, koagulazio sistema barne, 333.000 euro inguru balioko dute", azaldu du alkateak.

Tokiko erakundearen asmoa da aste batzuetan berriro abian jartzea hiltegia, baina Osasun Sailarekin eta udal teknikariekin akordioa lortu behar du horretarako. "Aldaketa gehiago gauzatu beharko ditugu. Esaterako, sistema elektrikoa berritu beharra dago" erantsi du.

Gainera, lan horiek guztiak nola egingo diren zehaztu behar dute. Hau da, isurketen arazoa konponduta, funtzionamenduan jarri ahalko den argitu behar dute, edo hobekuntza guztiak gauzatu behar diren horretarako.

EH Bilduren kritikak
Gaur bertan EH Bildu koalizioak oharra plazaratu du hiltegiaren inguruan. Taldeak zoriondu egin ditu mobilizatu diren eragile guztiak: "abeltzainak, harakinak, kontsumitzaileak, langileak eta hiltegiko arduraduna". Izan ere, EH Bildurentzat, euren ahaleginen emaitza da lortutako akordioa.

Horrez gain, koalizioak adierazi du udal gobernu taldeak datu okerrak baliatu dituela; eta hiltegiak, berez, etekinak ematen dituela, eta ez kontrakoa. Horrez gain, EH Bilduk ohartarazi du ez duela onartuko hiltegiaren pribatizazioa edo azpiegitura saltoki handietara bideratzea.

Abuztuaren hasieratik itxita
Abuztuaren 6an Laudioko Udal Gobernu Taldeak erabaki zail baten berri eman zuen prentsaren aurrean: hiltegiaren jardueraren etena. Neurri drastiko horren atzean zegoen URA Agentziak aurreko egunean tokiko erakundeari egindako exijentzia; ibaiaren mesederako, Nerbioin isurketak egitea debekatu zion.

Horrez gain, Arabako Fiskaltzak esku hartu zuen kasuan eta Ertzaintzari agindu zion informazioa jasotzeko. Gauzak horrela, poliziak azpiegitura horri buruzko ikerketa abiatu du, ingurumenaren aurkako delituak gertatu diren argitzeko. Itxierak atal kritikoa idatzi du hiltegiaren historian, baina horretara heldu baino lehen, bestelakoak egon dira.

Izan ere, hainbat laudioarrek salatu dute sare sozialetan zein erakundeetan ibaia gorriz margotzen zela, odol isurketak zirela medio. Horrelako gertakariak behin baino gehiagotan jazo dira, eta kexak errepikakorrak izan dira.

Hiltegiaren itxierak bertako  azpikontratako 11 beharginak langabezian uztea ekarri du. Ekonomikoki zuzenean kaltea pairatu duen beste kolektibo garrantzitsuena tokiko abeltzainena izan da. Hurbilen dagoen hiltegia Zestoakoa da. AP-8 autobidea erabilita, 80 kilometroko ibilbidea dago bertaraino. Iñaki Urkixo Laudioko abeltzainaren iritzia argia da: “Zestoaraino joatea animali bat hil behar dugun bakoitzean ez da jasangarria guretzat. Balizko etekin guztiak bidean geratzen dira. Garraioa izugarri garestitzen da eta guk dirua eraman behar dugu egunero etxera”.

Lehen sektorea, antolatuta
Zenbait bilera egin ostean, Laudioko lehen sektorean batzen diren hainbat eragile batu dira modu kolektiboan esku hartzeko arazoan. Abeltzainak, hiltegiko enpresa, harakinak, bezeroak eta ganadu-tratulariak elkartu dira plataforma horretan, eta eskualdeko eta Bizkaiko ekoizleak ere gehitu nahi dituzte.

Ziortza Uriarte harakinak eta taldeko bozeramaileak iragarri du irailaren 16an bilera egingo dutela alkatearekin, eta salatu du informazio zuzenaren falta sumatu dutela: "Erakundeak ez dira gurekin harremanetan jarri; eta, azkenean, guk eskatu behar izan dugu hitzordua". Zentzu horretan, lehen sektoreko kaltetu guztiek jakin nahi dute noiz irekiko den hiltegia. "Berdin dio 4 edo 5 egun gora edo behera esaten diguten, baina guk premia daukagu data jartzeko", adierazi du Uriartek.


Irekieraren ostean
Une hauetan urjentzia handiena hiltegia berehala funtzionamenduan egotea bada ere, lehen sektoreak hausanrtzen dihardu hurrengo urratsei buruz. "Alkateak udal osoko bilkuran aipatu zuen lantaldea osatuko zuela hiltegiaren ereduaren eta etorkizunaren inguruan. Esan zuen kaltetuak han egongo zirela,eta gu prest gaude"  mahaigaineratu du Laudioko harakinak.

Izan ere, printzipioz, otsailean azpiegituraren lizitazio berria egin behar dute ,eta kaltetuek uste dute ereduak hurbila eta publikoa izaten jarraitu behar duela; tokiko abeltzainetan zentratuta, orain artekoa bezala.

Berez, lehen sektorean inplikatuta dauden zenbait eragileren arabera, egungo sistemak etekinak ematen ditu. Horien kalkuluak aintzat hartuta, adibidez, 2018an 12.000 euroko mozkinak sortu zituen hiltegiak eta ez dute beharra ikusten pribatizaziorik edo aldaketa nabarmenik egiteko.

Kaltetuak
Ziortza Uriartek azpimarratu nahi izan du hiltegiaren itxieraren kaltetuak ez direla soilik abeltzainak, langileak edota harakinak: "laudioarren interesen alde egin nahi dela esaten denean, kontuan hartu beharra dago garraioak garestitzen duela okelaren prezioa eta, azkenean, tokiko produktua kontsumitu nahi duenaren aurka egiten duela. Hau da, Laudioko herritarren kontra".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide