Laia eskolak 14 jarduera prestatu ditu eskualderako ikasturte honetan. Urduñan eta Orozkon ez ezik, Laudion, Amurrion, Okondon, Aiaran eta Artziniegan eskainiko dituzte ekintzak. Nerea Melgosa Arabako Foru Aldundiko berdintasun eta giza eskubideen zuzendariak hartu du parte egitasmoaren aurkezpenean, eskualdeko alkate eta berdintasun zinegotzi zein teknikariekin batera. Foru ordezkariak nabarmendu duenez, Kuadrilla guztietan lortu dute berdintasun teknikari bat izatea, eta horren ondorio da Laia eskolaren jardun osotua. Informazio guztiarekin liburuxka bat prestatu dute, udal aldizkariekin batera banatuko dena etxe guztietan. Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, eta herritarren jabekuntza izango dute helburu.
Orotariko gaiak jorratuko dituzte, hainbat formatu baliatuta. Tarte berezia eskainiko diote autodefentsa feministari, 7 herrietan eskainiko baitute Maitena Monroyren lantegia. Horrez gain, iazko edizioarekin alderatuta, irakurketa klubak areagotu dira: Amurrion gaztelerazko taldea egongo da Begoña Etayorekin eta Laudion Josune Muñoz San Josék gidatuko ditu saioak euskaraz.
Antzerkia, aldiz, Artziniegan landuko dute, Miriam Herbón Ordoñezen laguntzarekin. Halaber, Ovarios verdes fritos ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da Laudion. Sexu eta genero identitate aniztasuna islatzeko, berriz, EnFemme dokumentalaren proiekzioa eta zuzendariaren solasaldia jasoko dute Amurrio Antzokiak eta Orozkoko Donibane Aretoak. Osasun eta kirolari dagokionean, mendi orientazio ikastaroari helduko diote Orozkon, eta “Mindfulness eta helburu pertsonalak” izango dituzte hizpide Okondon.
Ekintza bereziak
Ekintza berezienetako bat Burutik jota, Psikowoman izango da, Isa Duque youtuber, sexologo eta psikologoaren eskutik. Bi saio egingo ditu, gainera; lehena Laudion eta bigarrena Artziniegan. Aiaran, berriz, jendaurrean hitz egiteko estrategiak erakutsiko dituzte, emakumeen parte hartzea bultzatzeko espazio eta ekitaldi publikoetan.
Josebe Iturriotz Lopez izango da beste hizlari ospetsuetako bat. Eta gero esango duzue bost edo sei baino ez garela solasaldia eskainiko du Amurrion, urtarrilean. Orozkon, aldiz, Generotik ere atera daiteke, maitasun erromantikoari buruzko begirada materialista ikastaroa emango du otsailean bi egunetan, Balentin Deunaren egunaren bueltan. Amaitzeko, Zer daki zure gorputzak eta zuk (oraindik) ez? ikastaro trinkoa egongo da Urduñan, martxotik maiatzera bitartean.
Bestalde, Aiaraldeko Berdintasun Topaketen eguna aurreratu dute. Maider Basterra Aiarako Kuadrillako lehendakariak azaldu duenez, azaroaren 15ean izango da, Artziniegan. Miren Urresti Azpiri berdintasun teknikariak, bere aldetik, Laia eskolako eskaintza “koordinazio lan handiaren” emaitza dela nabarmendu du: “Berdintasun zerbitzuek herri bakoitzeko elkarte eta talde feministekin partekatu eta adostu ditugu ekintzak, behetik gora egindako jabekuntza eskola da Aiaraldekoa, translurraldekoa”.