“Izaki Gardenaken kantuak jaio ziren momentura itzultzea bezalakoa izango da ostiraleko kontzertua”

Txabi Alvarado Bañares 2019ko ira. 24a, 22:34

Gitarra eta ahotsa izango ditu bidelagun Jon Basagurenek ostiralean Faktorian.

Izaki Gardenak taldeko kidea da  JON BASAGUREN (Gasteiz, 1984). Bakarlari gisa arituko da ostiralean -irailak 27- Laudioko Industrialdean dagoen Faktorian, “Arrastiak faktorian” kultur ekimenaren baitan.

Bakarlari gisa arituko zara ostiralean. Zer topatuko du kontzertura doanak? Izaki Gardenak taldearen bertsioak joko dituzu soilik ala zerbait gehiago?

Izaki Gardenaken abestiak gitarra akustikoarekin eta ahotsarekin hasten ditut etxean. Gero taldekideek euren ekarpenak egiten dituzte eta kantuek beste forma batzuk hartzen dituzte. Kantuak jaio ziren momentura itzultzea bezalakoa izango da ostiraleko kontzertua.
Aurten oso kontzertu gutxi emango ditut bakarlari bezala, Izaki Gardenakekin jo ta su gabiltzalako. Nahikoa ezohikoa izango da ostiralekoa.

Oholtza handitan jo duzu Izaki Gardenakekin. Bakarlari gisa, aldiz, taberna eta areto txiki askotan aritzen zara. Zer duzu nahiago?

Niretzako biek (areto txiki zein handiek) dituzte gauza onak. Denbora asko pasatzen dudanean bietako batean aritu gabe faltan botatzen dut. Taldearekin areto handietan eta ekipo indartsuagoarekin jotzeak handitasun bat ematen dizu soinuan, lagunduta eta indartsu sentitzen zara. Bakarrik jotzen dudanean, aldiz, juxtu kontrakoa gertatzen da: publikoa gertuago dago eta errazagoa da jendearekin kimika bat sortzea. Formatu akustikoan gitarra eta ahotsa baino ez dituzu, horrekin defendatu behar dituzu kantuak. Bi gauza oso ezberdinak dira, baina biak gozatzen ditut.


“Aurten oso kontzertu gutxi emango ditut bakarlari bezala. Nahikoa ezohikoa izango da ostiralekoa”



Faktorian egingo den bigarren emanaldia izango da ostiralekoa. Zer funtzio betetzen dute horrelako areto txikiek Euskal Herriko sortzaileentzat?

Iruditzen zait oso garrantzitsua dela areto txikiek betetzen duten funtzioa. Areto handiak eta oso handiak baditugu Euskal Herrian, baina ertain eta txikiak falta dira, formatu txikientzako edo bakarkakoentzako balioko dutenak eta hurbiltasuna eskaini dezaketenak. Alde horretatik uste dut oso beharrezkoak direla, babestu beharrekoak.

Gaur egun musika sortzaileek egin behar dutena arriskatzea dela aipatzen zenuen beste elkarrizketa batean. Nahikoa arriskatzen da gaur egungo eszenan?

Ez dakit. Gauza interesgarriak sortzen ari direla iruditzen zait. Nik, entzule moduan, nortasun propioa duten proiektuak eta sortzaileak baloratzen ditut batez ere. Ez dakit zuk aipatzen duzun elkarrizketan horregatik esaten nuen, baina seguru aski bai. Beti ditugu mila eragin, jakina... baina gustuko dut sortzaileek zer edo zer propioa plazaratzea, beldurrik gabe. Ahots ezberdinak eta gauzak egiteko modu anitzak egotea; eta ari dira, ari dira sortzen. Gauza interesgarri ugari argitaratzen dira. Ez dakidana da ea jendeak kuriositate nahikoa duen ateratzen ari diren gauza berri horietan atentzioa jartzeko.

Zer funtzio betetzen du irratiak gauza berri horien zabalkundean?

Gaur egun asko aldatu da egoera. Hedabide tradizionalek ez dute horrenbesteko indarrik. Lehen abesti bat irratian jartzen bazuten jende gehiagorengana heltzen zen; eta alderantziz ere:  irratian ez bazeunden ez zeunden inon. Baina urteak dira jada ez dela beharrezkoa hedabide tradizionaletan egotea jende pila batengana iristeko.

Horregatik, ez dakit zein puntutara arte sortzen dugun hedabideetako kideok musika batekiko edo beste batekiko gustua, baina horretan saiatzen gara.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide