Oinatz Manterola Aiaramendi taldeko korrikalariak 4. postua eskuratu zuen Cangas de Oniseko (Asturies) Mini XTrem Lagos de Covadonga lasterketan. Probak 15 kilometroko ibilbidea zuen eta 2.000 metroko desnibela guztira, hau da, bide malkartsuak zeharkatu behar ziren. 170 lagunek parte hartu zuten.
Laudioko lasterkariak ondo pasatzeko asmoarekin eman zuen izena, eta probaren zenbait ezaugarri goraipatu ditu: "Ibilbidea eta antolaketa bikainak izan ziren eta paisaiak ikaragarriak".
Manterolak ez zuen aurreikusi lehen sailkatuen artean egoteko lehiatzea baina, azkenean, 4. postua lortu zuen Sub-23 kategorian, 2 orduko marka egin eta gero.
Berez, muga zeharkatu zuenean 12:30ak aldera, antolakuntzak aipatu zion 3. izan zela. Horren ondorioz, sari banaketan parte hartzeko egonaldia luzatu zuen. Hala ere, azken unean jakinarazi zioten sailkapena osatu ondoren, 4. izan zela. Edonola ere, Oinatz Manterolak adierazi du oso gustura ibili zela.