Larrialdi klimatikoari buruzko mozioa onartu zen iragan astelehenean Laudioko Udal Osoko Bilkuran, aho batez. Omniak ohar bat plazaratu du gai horri lotuta. “Gai hori ez da berria, gure taldeak urteak daramatza gure udalerrian garatzeko jasangarritasun estrategietan lan egiten”, adierazi du alderdi laudioarrak. Egin dituzten ekimenak zerrendatu dituzte: 2015ean mozio bat aurkeztu zuten Udal Auditoria Energetiko bat burutzeko, 2016an beste testu bat plazaratu zuten jatorri berriztagarriko elektraindarra eskuratzeari buruz. Handik gutxira hirugarren testu bat plazaratu zuten, hiri mugikortasunari buruzkoa.
Kontsumo arduratsua
Horregatik guztiagatik bozkatu zuen Omniak astelehenean mozioaren alde. Hala ere, testu horretan aipatzen diren neurriei beste ildo bat gehitu behar zaiela uste du oposizioko talde politikoak: “kontsumo arduratsuarena”.
Ildo hori “lau mailatan” garatu daitekeela azaldu du alderdiak: barne mailan (udalak kontsumitzen dituen materialen azterketa bat egiten, plastiko hondakin gutxiago sortzeari begira), tokiko saltoki eta ekoizleekin lan eginda (0 kilometroko produktuen kontsumoa sustatzeko) eta auzokideekin “lan pedagogikoa” eginda. Energia kontsumoa murrizteko egitasmoak ere egin behar direla nabarmendu du taldeak.