Diru-laguntzak, aldaketa klimatikoa eta Natxo Urkixoren agurra hizpide urriko Udal Osoko Bilkuran

Txabi Alvarado Bañares 2019ko urr. 1a, 08:50

Atzoko bilkuran eginiko argazkia. / Aiaraldea.eus

Plenoan aurkeztutako puntu guztiak onartu ziren, gehienak aho batez.

Atzo egin zen Laudioko urriko Udal Osoko Bilkuran. Hainbat gai landu zituzten plenoan. Diru-laguntzak izan zen gai horietako bat, kirol elkarteentzako laguntzen deialdia berriz egitea onartu baitzen, talde asko kanpoan geratu baitziren lehen deialdian, Aldundiak ezarritako baldintza berriak betetzen ez zituztelako.

Aho batez onartu zen udal gobernuaren proposamena. Omniako kideek adierazi zuten ulertzen zutela gertatutakoa “udalaz harago” doan zerbait dela. "Gauza bakarra eskatzen diogu udalari: Aldundiari exijitzea bere beste diru-laguntzetan ere irizpide berdinak aplikatzea”. Horrez gain, Diru Laguntzen Plan Estrategikoa moldatzearen beharra nabarmendu zuen Alvaro Barriosek.

Natxo Urkixok, bere aldetik, Ander Añibarro alkatea “zoriondu” zuen. “Behingoagatik ulertarazi du diru-laguntzetan gertatzen diren arazoak ez direla alkatearen ezgaitasunagatik, Aldundiak jartzen dituen trabengatik baizik”, adierazi zuen EH Bilduko zinegotziak.

Añibarro izan zen hitza hartzen azkena. Datorren urtean Plan Estrategiko Normatibo berria martxan jarriko dutela iragarri zuen alkateak. “Horren barruan berrituko dugu Diru Laguntzen Plan Estrategikoa, orain arte erabili dena jada iraungita dagoelako, 2018-2020 epealdirako egin baitzen”.

Aldaketa klimatikoa hizpide
Aldaketa klimatikoa ere izan zuten hizpide udalbatzan. Puntu horretan ere adostasuna izan zen nagusi. Hainbat neurri jaso zituzten testuan: jasangarritasun energetikoaren batzordea eratzea, eta mugikortasun jasangarrirako plana garatzea, besteak beste.

Natxo Urkixoren agurra
Atzokoa izan zen Natxo Urkixoren azken plenoa, hemendik aurrera Aitor Burgoak ordezkatuko baitu zinegotzi karguan. Bere hitzartean, “zortzi urteetan zehar eginiko lana” eskertu zien alkate ohiak udalbatzako kide guztiei. Horrez gain, gaur egun udalak dituen lau liberatuak “beharrezkoak” direla gehitu zuen laudioarrak: “lau pertsonentzako lana badago udal honetan”.

Talde politiko guztietako kideek hartu zuten hitza jarraian. Juanje Merchan izan zen lehena. “Nire alkatea izan zara azken zortzi urteetan eta errespetua erakutsi duzu nire alderdiarekiko. Guk proposatutako gauza batzuk aurrera atera dira”, nabarmendu zuen. Beste zinegotzi sozialista, Loli Muriel, gerturatu zen mikrofonora jarraian: “Eskerrak eman nahi dizkizut modu pertsonalean, ez politikari bezala”.

“Onena opa dizut, elkarri eman diogun kaña guztiaren ondoren”, helarazi zion Alvaro Barriosek Urkixori. “Egia da azken bi legealdietan elkarren artean gehiago hitz egin beharko genukeela eta espero dut aurrerantzean gehiago hitz egitea”, aitortu zuen Omniako bozeramaileak.

Añibarrok, bere aldetik, legealdi berrian eginiko trantsizioa errazteko eginiko lana eskertu zion EH Bilduko kideari: “Eskerrik asko egindako guztiagatik eta bidean ikusiko dugu elkar”.

Erregu eta galderak
Erregu eta galderen txandan ere hainbat gai izan zituzten hizpide. Omniak honako gaiengatik galdetu zuen:

  • Aldai plazaren alboko kantxako kanastak zergatik jarri ez diren galdetu zuen Alvaro Barriosek. Joseba Amondo jeltzaleak erantzun zion kanastak margotzen eta estalkiak berritzen ari direla eta horregatik ez daudela oraindik zelaian. “15 egun barru egotea aurreikusi dugu”, jakinarazi zuen udal gobernuko kideak.
  • Pinudiak ustiatu ostean mendietako zenbait bide izorratuta geratu zirela aipatu zuen Omniako bozeramaileak. Amondok erantzun zion udaleko eta Aldundiko teknikariak direla bide horiek berriz erabilgarri jartzeaz arduratzen direnak.
  • Arza eraikinaren parean jazotako isurketen inguruan ere galdetu zuen Barriosek. Añibarrok erantzun zion informazio gehiago dutenean talde guztiei helaraziko dietela.
  • Gai batzuez “prentsa baino lehen” informatuak egotea eskatu zuen Omniako zinegotziak. Horrez gain, plenoko bideoen “plano orokorra” zuzentzea eskatu zuen, “batzuetan ez direlako Omniako kide guztiak agertzen”. Alkateak erantzun zion bi eskaerak aztertuko dituztela.
  • Bukatzeko, eskubaloi kantxaren egoera izan zuen hizpide Barriosek, udalak azpiegitura hori ixtea erabaki baitu. Amondok erantzun zion zelaiko lurra ez dagoela egoera onean eta jokalarien segurtasuna bermatzeko baztertu dutela. “Zorua jarri duen enpresarekin kontaktuan jartzen saiatu gara, baina oraindik ez dugu lortu. Udaleko teknikariek diote enpresak ez zituela zoruaren fabrikatzaileen argibideak jarraitu materiala instalatzerako orduan”, zehaztu zuen zinegotziak. Gauzak hala, orain dauden matxurak konponduko dituztela iragarri zuen udal gobernuko kideak, “baina badirudi zoru guztia guztiz aldatu beharko dugula etorkizunean”.


EH Bilduk, aldiz, bi gai plazaratu zituen bere txandan:

  • Lokalen kanpoko itxura hobetzeko abiatutako ekimenaren harira, eskaerak egiteko prozeduraren inguruan galdetu zuen Lamia Arcasek. Ander Larrinaga jeltzaleak erantzun zion prozedura ez dela ohikoa izan, “data eta epe aferengatik. Ez da rankingik egon, hamar eskaera egon direlako eta hamar plaza zeudelako”.
  • Udal Hiltegiaren harira, Arcasek adierazi zuen “pozgarria” dela azpiegiturako obrak hasi izana. “Zifra ugari maneiatu ziren abuztuan zehar eta auditoria bat eskatu genuen, kopuru horiek ez zetozelako bat guk genituenekin. Hor ikusi zen 17.000-18.000 euroko emaitza positiboa ematen duela hiltegiak urtero. Ez dago defizitik eta zerbitzua mantentzeko ez da horrenbeste diru behar”. Gauzak hala, “udalak hasieran emandako informazioa zuzena ez zela” aitortzea eskatu zion EH Bilduko kideak alkateari. Añibarrok erantzun zion behin baino gehiagotan esan dutela hori: “Hasieran eman genituen datuak ez ziren zuzenak. Baina zuk emandako zifra ere ez da zuzena, ez direlako kontuan hartzen udalak berak egindako gastuak”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide