Trenbideko zubia bi garabi berrirekin egonkortu dute gaur arratsaldean kentzeko

Erredakzioa 2019ko urr. 22a, 16:00

Zubiaren pisuagatik ezin izan dute azpiegitura kendu eta alboan dagoen etxebizitza hustu behar izan dute, baina bizilagunak jadanik itzuli dira euren pisuetara. Momentuz, bi garabi gehiago baliatu dituzte azpiegitura egonkortzeko eta hirugarren bat ere heldu da. Arratsaldean berriro saiatuko dira kentzen. Asmoa da ahalik eta lasterren berrezartzea tren zerbitzua.

Latiorroko zubia kentzeko lanak ez dira oraindik amaitu. Langileek gau osoa eman dute zubian lanean. 2:30ean bukatu dute mozten, baina oraindik ez dute azpiegitura kendu. Berez, bi garabi berri erabili dituzte metalezko zubia eusteko eta eguerdian bertan beste bat, handiagoa, iritsi da Laudiora. Horrekin espero dute behingoz azpiegitura erretiratzea.

Aiaraldea hedabideak jakin duenez, bart baliatutako garabia ez zegoen prest zubiaren pisua eusteko, kalkulu akats bat medio.

Bizilagunek komunikabideari azaldu diotenez, aldameneko etxebizitzako herritarrak desalojatu dituzte erorketa arriskua saihesteko: “Zubiko Etxean pasa dugu gaua 60 bat lagunok. Zubia berriro soldatu bitartean ezingo gara etxeetan sartu”.

Etxea utzi behar izan duen auzokide batek adierazi du garabi berriak heldu arte ez dutela orain dagoena kenduko, ez baitute bakarrik eutsiko denaren bermerik. 09:00ak aldera baimendu diete desalojatu dituzten lagunei etxera sartzea, arropa eta ezinbesteko gauzak hartzeko. Hala ere, udalak azaldu du jadanik itzuli direla etxeetara.

Autobusak eta tren zerbitzua
Obra egiteko etenda egon da tren zerbitzua gau osoan. Horren ondorioz, tren zerbitzua ez dute oraindik berrezarri eta aldirikoak, distantzia luzekoak eta merkantzia garraioa bertan behera utzi dituzte.

Gauzak hala, Renfe autobusak baliatzen ari da bidaiariak garraiatzeko. Goizeko lehen orduan jende asko pilatu da tren geltokian, garraio zerbitzuaren zain. Laudion Zuhaitza liburudenda aurrean hartzen da garraioa, Arrankudiagan autobus geltokian, herrigunean, Aretan ikastetxetik gertu eta Ugaon tren geltokiaren azpian dagoen autobus geltokian.

 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide