Laudioko Udaletxean EH Bilduk duen bulegotik eskegita dagoen estelada kentzea eskatu dio Espainiako Gobernuaren ordezkaritzak udalari.
Jose De la Fuente Martin gobernuaren ordezkariordearen ustez, bandera hori jarrita izateak administrazio publikoen “neutraltasun eta objektibotasun printzipioak” urratzen ditu. Horrez gain, gaineratu du ez dela Espainiako banderaren araudia errespetatzen.
Era berean, ordezkariordeak ohartarazi du eskatutakoa betetzen ez bada epaitegira joko duela.
Talde politikoak sare sozialen bidez salatu du gertatutakoa:
Elkartasun sentimenduak ez omen daude oraindik legez kanpo; baina esaten digute publikoki erakustea ilegala dela.
— EH Bildu Laudio (@ehbildulaudio) October 24, 2019
Haien legeek ez diete mugarik jarriko herrien arteko elkartasunari.#estemambvosaltres#libertatpresospolitics pic.twitter.com/jViAYEnJ1z
Laudioko Udalak jakinarazi du atzo jaso zutela Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren gutuna, eta EH Bilduko kideei helarazi ziotela. Nabarmendu dutenez, udalak ez du zerikusirik izan erabakiarekin, "Espainiako Gobernuaren inposizioa izan da".
Hau ez da udaletxean dagoen lehen tira-bira ikurrei lotuta. Aurreko legealdian Gasteizko epaitegiak 1.500 euroko isuna jarri zion Natxo Urkixori, Guardia Zibilaren txosten batean oinarrituta.