Gaur eguerdian kendu dute udaltzainek Laudioko Udaletxeko fatxadan ikusgai zegoen ikur kataluniarra. Zehazki, alkateak sinatutako dekretua bete dute poliziek, eta EH Bilduko udal taldeko leihotik erretiratu dute.
Ander Añibarro alkateak argitu duenez, pertsonalki, berak bat egiten du EH Bilduren aldarrikapenarekin. Ordea, azaldu du tokiko erakundearen ordezkari gisa, bere ardura dela isun ekonomikoak ekiditea.
Horregatik, gaur goizean dekretua sinatu du ikurra ahalik eta lasterren kentzeko fatxadatik. Erabakia EH Bilduko zinegotziei jakinarazi die, baina koalizio independentistako kideek adierazi dute ez dutela asmorik "estelada" erretiratzeko. Hori dela eta, eguerdian udaltzainek bete dute alkatearen agindua.