Iragan asteleheneko Udal Osoko Bilkuraren harira, Kataluniako espetxeratuen aldeko mezua bidali eta haien askatasuna aldarrikatu du EH Bilduk idatzizko komunikatu batean. Gainera, udaleko gobernuan dauden EAJ eta PSE-EEren Kataluniako auziarekiko “jarrera kontrajarriak” kritikatu ditu. Koalizio abertzaleak, aurrekoari jarraipena emanez, gehitu du erabakitzeko eskubidea ez dela "aldarrikatzeko eskubide hutsa" izan behar, eta “praktikara eramateko eskubidea” bermatu behar dela erreibindikatu du.
Bereziki gogor azaldu da EH Bildu PSE-EEren erabakitzeko eskubidearekiko jarrera ezkorrarekin. Koalizioaren ustez, “legeak ez du demokrazia bermatzen” eta "oraindik indargabetu ez diren frankismoko lege batzuk” daude. Gainera, Gernikako Estatutuaren 40. urteurrenaren harira, EH Bilduk kritikatu du PSE-EEk ez duela inoiz estatutu hori berretsi, eta gaineratu du EAJk lege hori “negoziazio-elementu” gisa edo “hauteskunde-onurak lortzeko” besterik ez duela erabiltzen.
EAJk gidatutako gobernuak, bere partetik, honakoa adierazi du Kataluniako egoeraren inguruan: “epaitegiak jokoan sartzen direnean, ekintza politikoak porrot egiten du”. Bestalde, udal gobernuak nabarmendu du “espetxeratzeek eta judizializazioek Kataluniako herria isilaraztea eta mugatzea” baino ez dutela helburu. Amaitzeko, “arazoa” ez dela desagertu esan, eta “negoziazio politikoaren beharra” azpimarratzen dute jeltzaleek.