Ines Osinaga “Alutik” gorputz, desira eta askatasun berrien gose

Izar Mendiguren Cosgaya 2020ko urt. 19a, 13:23

Arrastiak Faktorian zikloaren barruan, Ines Osinagaren Alutik emanaldiaz gozatzeko aukera egon zen Aiaraldean atzo. 100 lagun elkartu ziren ikuskizunean.

Alutik emanaldia eskaini zuen atzo Ines Osinaga musikariak Faktorian. 100 lagun baino gehiago zituela aurrean, atzean utzitako etapak izan zituen hizpide. Trikitixa edota ukelelea eskutan, musikagintzan eta pertsonalki bizitako ahalduntzeari eta zauriei jarri zien hitza. Maurizia Aldaiturriaga Zeberioko panderojole eta plazandre erreferentea oso presente egon zen kontzertuan zehar, baita munduko zein Euskal Herriko beste emakumeak ere. Esaterako, Miren Amuriza Plazaren Dena aldatzen da iritzi zutabearen bertsioa jo zuen Osinagak, edota Uxue Alberdiren bertso-ipuin bat.  

Faktoriakoa ez zen izan musikariak Aiaraldearekin izandako lehen harremana. Amurrioko Ikasle Eguneko kantua berak sortu zuen 2011n Gose taldearekin, eta Laudion antolatutako 2016ko Gazte Danbadan agurtu zen Euskal Herriko gazteen aurrean oholtzetatik. Horregatik, urduri eta barrenak mugituta azaldu zen ikusleen aurrean: "Oso berezia da niretzat hau. 2016an Danbadan agurtu nintzen oholtzan, emakume asko lehen lerroan dantzan nituela... Espazio eta lehen lerroak okupatu behar ditugu". Ildo beretik, amatasun eta emetasunak eragindako zauri, gorputz eta desirak eragindako gogoetak uztartu zituen: "Bira hau egiteko gogoa izan nuenean, gorputza plazara ateratzeko beharra izan nuen. Gu bagara izan ginen hori ere bai, eta zulo txiki batetik duela 4 urte edo 10 urteko Inesi begiratuta... Zauriak izan arren, asko eskertu eta besarkatzen dut". 

Bilakaera pertsonalari ez ezik, Euskal Herrikoari ere heldu zion. Iraganeko gazte gertaerak gogorazi zituen, besteak beste, Surik bai kantuaren bertsioarekin: "Eskutik eskura doan metxero baten istorioa da. Berak ez daki nola, baina derrepente, Auzitegi Nazionalean azaltzen da, ezin ulertuta". 

Esperimentazio eta jolasa ere atera zituen magikoki, "a" hizkiarekin abesti baten letra josita: "Ezetz A letradun hitzekin kantua osatu? Erronkari helduta, hiztegia zabaldu eta hitz guztiekin sortzea lortu genuen. Guretzat momentu horretan horiek ziren 'a' letra zuten munduko hitzik inportanteenak".

Bizitzaren gorabeherez mintzatuta, ukelekeak argitu zion bizitza tarte batez, aitortu zuenez: "Trikitixa alboratu behar izan nuenean tripagatik, bizitza salbatu zidan ukeleleak. Ondo nengoela esaten zidaten baina ez, ez nekien zer nintzen ezta non nahi nuen egon. Lo egin ezin nuen gau batean, egunkaria ireki eta emakume batek beste emakume batzuek beste lur, min eta motxila batzuetatik kantatutakoak itzuli zituen euskarara. Momentu horretan Miren Amurizaren hitz horiek irakurtzeak indar asko eman zidan, bizitza salbatu zidan". 

Maurizia Aldaiturriagaren eta trikitixa hotsak uztartuta borobildu zuen despedida. Bolada baterako plazak alboratuko ditu artistak. Bilboko Bira eta Aiaraldea Ekintzen Faktoriako geltokiak igarota, gaur 18:30ean izango da Larrabetzuko gaztetxean Alutik lanaren azken emanaldia.

Argazkiak: Txabi Alvarado Bañares

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide