Asier Ispizua laudioarrak K1 Slam borrokaldian parte hartuko du Bilbon

Aitor Aspuru Saez 2020ko urt. 22a, 10:12
Asier Ispizua Laudion egindako borrokaldi batean. / Aiaraldea.eus

Erakusleiho garrantzitsua izango da Ispizuarentzat K1 Slam borrokaldia otsailaren 8an. Izan ere, munduko kirolari profesional ospetsuek osatzen dute kartela.

Asier Ispizua Hajime klubeko kirolariak K1 Slam borrokaldian parte hartuko du otsailaren 8an La Casillan. Laudioarrarentzat hitzordu berezia izango da, puntako ekitaldia baita.

"Aurtengoa 6. edizioa da eta garrantzitsuena izango da. Enfusion eta YSKA txapelketetako irabazleak kontratatu dituzte. Munduko eta Europako txapeldunak, alegia" azaldu du kirolariak.

Aurreko edizioan ere egon zen Ispizua: "Irabazi nuen eta uste dut oso itxura ona eman nuela. Horregatik hartu naute berriro aintzat".

Muay Thai ("Sarikadong" profesional famatuarekin) eta K1 diziplinak ez ezik, boxeoa eta MMA kirolak ere landuko dituzte.

Boxeoan, esaterako, Jon Fernadez Etxebarriko kirolaria arituko da. Hainbat aldiz txapelduna izan da hainbat federazioetan eta Estatu Batuetan ere behin baino gehiagotan borrokatu da.

MMAn Jose Jimenez eta Enoc Solves igoko dira ringera. Biak lehiatzen dira M1 liga errusiarrean eta Enoc Solves UFC txapelketa amerikar ospetsuan borrokatzeko bidean dago.

Asier Ispizua Luigi Aranaren aurka
Asier Ispizuari dagokionez, Luigi Arana izango du aurrean. Arana bolibiarra da jatorriz, baina Bilbon bizi da eta Elite Sport taldeko kidea da.

Aurretik birritan adostu dute borroka, baina ezin izan dute gauzatu. Laudioarrak azaldu du: "Mix Fight batean borrokatu behar ginen, baina nik lesioa nuen begian eta ezin izan nintzen lehiatu. Beste Mix Fight batean ere neurtu behar genituen indarrak, baina, azkenean, beste aurkari batzuk egokitu zitzaizkigun".

K1 Slam borrokaldia ikusteko, Ispizuak azaldu du bi aukera daudela. Alde batetik, Kutxabank bidez sarrerak lortzea edo berarekin harremanetan jartzea horretarako, bere Instagram kontua erabilita.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide